
Greba partzialak hasi dituzte Galdakaoko Kalamazoo enpresako langileek, «hitzarmen propioa» eskatzeko
TESTUA: Irati Alonso García
IRUDIAK: ELA sindikatua
Galdakaoko Itzaga industrialdean kokatuta dagoen Kalamazoo enpresako langileek greba partziala hasi dute, «hitzarmen propioa» eskatzeko. Atzo, martxoak 3, egin zuten ordu bateko lehen lan etenaldia eta martxoaren 10ean egingo dute hurrengoa.
Galdakaoko Kalamazoo enpresako langileek «hitzarmen propioa» eskatzen jarraitzen dute eta horretarako greba partzialak hasi dituzte Itzaga industrialdean kokatuta dagoen enpresako langileek. ELA eta LAB sindikatuek adierazitakoaren arabera, atzo, martxoak 3, egin zuten ordu bateko lehen lan etenaldia eta jarraipena %66koa izan zen.
«Enpresan Hitzarmen Estatala aplikatzen da, eta Enpresa Batzordeak hilabeteak daramatza zuzendaritzarekin negoziatu nahian hitzarmen propio bat. Enpresaren isiltasunaren aurrean, ELA eta LABek osatutako Enpresa Batzordeak lehen greba eguna deitu du, jarraipen izugarriarekin», azaldu dute sindikatuek.
Datorren astean, martxoak 10, bigarren greba partziala deituko dute, ordu batekoa ere. «Langileak kokoteraino daude hitzarmen estatala izateaz, prekarietatea nonahi baitakar. Langileek tinko eta kemenaz jarraituko dute hitzarmen propio bat izan arte», adierazi dute.