
Auzoen arteko lehen martxa antolatuko dute Galdakaon Emakumeen Nazioarteko Egunean
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Peio Zamalloa
Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatuko da zapatuan, martxoak 8, eta honen harira auzoen arteko lehen martxa antolatuko dute Galdakaon. Aperribaitik abiatuko dira 11:00etan eta hemen batu dugu ibilbide osoa.
Aurten ere Emakumeen Nazioarteko Egunarekin bat egingo du Galdakaok eta horretarako, egitarau zabala antolatu dute hilabete honetarako Udalak eta Erabide, Erlantza, Basandere, Momoak, Ninaiz, Mairi eta emakume taldeek eta Galdakaoko ludotekak eta topaguneak.
Duela egun batzuk aurkeztu zuten programa eta 25 ekintza inguru batuko ditu, BINKEk jaso zuen moduan, haien artean auzoen arteko lehen martxa. Ibilbidea 11:00etan hasiko ds Aperribain eta han gosari kolektiboa egingo dute.
Jarraian, Bengoetxe (12:00) eta Urreta (12:30) igaroko dituzte parte-hartzaileek, eta 13:00etan Kurtzeko plazara iritsiko dira, han emakumeen aldeko aldarria egiteko.
«Bete ditzagun Galdakaoko kaleak more kolorez eta feminismoz», nabarmendu zuen Amets Iturbe Berdintasun zinegotziak M8ko programaren aurkezpenean, herritarrei martxan parte hartzera animatuz.