
Skatean murgiltzeko jardunaldia antolatuko dute Galdakaon
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: TheGift777
La Kubierta Galdakao Patinaje Kirol Elkarteak kirol honetan murgiltzeko jardunaldia eskainiko du Galdakaoko skateparkean. Apirilaren 26an izango da eta tailerraren ondoren Ian Ponciano skater profesionalak agerraldi berezia egingo du.
Hasiberriei zein esperientzia izan eta teknika hobetu nahi dutenei zuzendutako tailerra eskainiko du La Kubierta Galdakao Patinaje Kirol Elkarteak apirilaren 26an. Galdakaoko skateparkean izango da, 12:00etatik 14:00etara.
Jardunaldian zehar, parte hartzaileek beren mailara egokitutako jarduera eta ariketa praktikoez gozatu ahal izango dute, monitore espezializatuek gidatuta. Gainera, ekitaldiari amaiera emateko, 13:40ean Ian Ponciano skater profesionalak agerraldi berezia egingo du, «gurpil gaineko trebetasun eta trikimailuen erakustaldia» eskainiz.
Klubak oinarrizko materiala emango die irristailurik edo babesgarririk ez dutenei baina, edukiz gero, ekipoa bera ekartzea gomendatu dute antolatzaileek. «Ez galdu irristaketaz gozatzeko aukera paregabea giro dibertigarri eta seguru batean!», adierazi dute Udaletik.