
Ane Atxutegi usansolotarra, bigarrenez txapeldun Bizkaiko orga joko txapelketan
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Bigarrenez hartu du parte Ane Atxutegi usansolotar kirolariak orga joko txapelketa batean, Bizkaikoan, eta bigarrenez eskuratu du txapela jarraian. Pasa den eguenean egin zuen, Bilbao Basque Fest jaialdiaren baitan antolatutako herri kirolen gunean.
Bilboko kaleak euskal kulturaz, gastronomiaz, musikaz eta kirolaz betetzen dira Aste Santuko jai egunetan, Bilbao Basque Fest jaialdiaren bitartez, orain 11 urtetik. Guztira ia 200 ekintza eta ikuskizun eskaintzen ditu jaialdiak Bilboko 31 gunetan banatuta, eta horietako bat herri kirolei eskainitako Areatzako gunea dago. Pasa den eguenean, martxoak 17, orga jokoaren modalitateak izan zuen leku nabarmena bere Bizkaiko txapelketa ofizialaren bigarren edizioarekin.
Bertan aritu zen Ane Atxutegi usansolotarra, eta bera izan zen Bizkaiko txapeldun bigarren urtez jarraian. Bere lehenengo orga joko txapelketan lortu zuen txapela lehenengoz iaz, aurretik Nerea Sanz algortarrak zeukan postua kenduta. Bere bigarren urtea izan du Atxutegik aurtengoa, eta algortarraren aurka egin behar izan zuen lan aurtengoan ere, Sanz kirolariari bigarrenez aurre hartuta.
Amaia Arregi eta Kontxi Claver Bilboko Udaleko zinegotziek jantzi zioten bere bigarren txapela Ane Atxutegiri.
Usansolotarraren inguruan eta herri kirolen arloan Sustabiz Herri Kirol Zentroan egiten ari den lanaz gehiago ezagutzeko aukera eskaini zuen BINKEk iaz Atxutegiren lehenenengo txapelaren inguruan argitaratu zuen albistean.