
Bazkari herrikoia antolatu du Basoa tabernak biharko, Athletic-Manchester United partidaren harira
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Bihar, maiatzak 1, iluntzean Athletic Clubek Europa Ligako finalerdietako joaneko partida jokatuko du San Mamesen Manchester United taldearen kontra. Honen harira, bazkari herrikoia antolatu du eguerdirako Basoa taberna galdakoztarrak.
Athletic Clubek 2-0 irabazi zuen Glasgow Rangers talde eskoziarraren aurka apirilaren 16an San Mamesen eta honi esker Europa Ligako finalerdia jokatzeko sailkatu zen. Norgehiagoka honen joaneko partida bihar, maiatzak 1, izango da San Mamesen ere, eta kasu honetan Manchester United izango da aurkaria.
Jaieguna izanda —Langileen Nazioarteko Eguna ospatu ohi da maiatzaren lehen egunean—, Bilboko kaleak zurigorriz betetzea espero da eta Galdakaok ere bat egingo du partidaren aurreko giroarekin.
Basoa tabernak esaterako, bazkari herrikoia prestatu du partida aurreko eguerdirako. Sare sozialetatik iragarri duenez, 14:30ean izango da eta prezioa 19 eurokoa izango da menu honekin: indabak sakramentuekin, ardoa, postrea eta kafea.
«Apunta zaitez barran. Ostean partida telebistan jarriko dugu», adierazi dute tabernatik.