
Vidal Salcedok agur esan dio telebistari, ‘Biba Zuek’ saioan bost urte egin ostean
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: ETB
Jubilatu ostean, Vidal Salcedo medikua ETB1-eko ‘Biba Zuek’ saioan parte hartzen hasi zen. Saioaren sortzetik aritu da programan eta orain, bost urteren ostean, agur esan dio telebistari. Berarekin hitz egin du BINKEk urte hauetako esperientziaren inguruan, eta baita bere ibilbidearen errepaso xumea argazkien bitartez egin ere.
Galdakaoko anbulatorioak urte luzetan izan duen medikurik ezagunena eta maitatuena izan da Vidal Salcedo. 2019an jubilatu zen eta urtebete beranduago ETB1-ek aste ‘Biba Zuek’ saioan parte hartzen hasi zen. Orain, saioan bost urte egin ostean, agur esan dio telebistari.
Maddalen Arzallusek eta Xabier Sukiak aurkeztutako zuzeneko magazina da ‘Biba Zuek’, astelehenetik barikuko arratsaldeetan eskaintzen dena, eta duela gutxi 1.000 saio bete ditu. Salcedo hasieratik, saioaren sortzetik, egon da eta guztira 297 ataletan parte hartu du.
Hauetan hainbat gai ezberdin jorratu ditu, beti ikuspegi berdinarekin: arduraz jokatzeak ekartzen dizkigun onurez. «Kolaborazio guztietan mezu positiboak eman dizkigu. Mezu lasaigarriak eta enpatia handiz zabaldu ditu mezuak gurean», adierazi dio BINKEri Nerea Navarrok, saioko zuzendariak.
«Hasieran pandemiaren inguruan aritzen nintzen. Birusen inguruko informazioa ematen genuen, txertoen garrantzia azpimarratzen genuen… Galderez eta iluntasunez beteriko garai hartan argitasuna eta itxaropena ematen saiatzen ginen», azaldu du Salcedok.
Hori izan zen dinamika 2022 arte, eta aurrerantzean «gure inguruneak osasunean duen garrantziaz» aritu da mediku ohia saioan: «Telebistak ematen duen aukera aprobetxatuz, komunitatera heltzen saiatu gara».
Salcedorentzat esperientzia «oso pozgarria eta batez ere aberagasgarria izan da». «Anbulatorioan lan egiteak askotan ez du jendearengana heltzeko aukera hori ematen, eta telebistak aldiz nire lana bukatutzat emateko aukera eskaini dit, komunitatera heltzeko aukera», aitortu du galdakoztarrak.
Saioko lan-taldearekin «oso gustora» ibili dela adierazi du ere: «Guztiekin harreman hurbila izaten saiatzen naiz beti eta saioan ere horrela izan da: makillatzaileekin, aurkezleekin, kolaboratzaileekin, kameralariekin…».
Navarro zuzendariarentzat ere, «oso hurbileko kolaboratzailea izan da»: «Beti egon da irribarretsu, zelan gauden galdetuz eta inoiz osasun aldetik egindako galderei modu profesional eta atseginean erantzunez. Galdakaon utzi zuen arrasto bera utzi digu ‘Biba Zuek’-en».
Hemen egin dugu Salcedok telebistan izandako ibilbidearen errepaso xumea argazkien bitartez:




