
Euskaraldiak eskainiko du Usansoloko jaietako pregoia
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Euskaraldia Usansolo
Asteburuan ospatuko dira Usansoloko jaiak eta Jai Batzordeak jakinarazi duenez, Euskaraldia izango da aurtengo pregoilaria. Euskararen aldeko ekimenak pregoia barikuan 20:30ean eskainiko du Unkina plazatik.
Barikutik, maiatzak 9, domekara bitarte ospatuko dituzte maiatzeko jaiak Usansolon eta adin guztientzako egitarauaz gozatzeko aukera eskainiko du Jai Batzordeak, BINKEk jaso zuen moduan.
Jaietako une berezienetako bat barikuan biziko dute usansolotarrek, pregoiarekin. Kasu honetan, Jai Batzordeak jakinarazi duenez, Euskaraldia Usansolon antolatzeko murgilduta dagoen taldea izango da pregoia emateko arduraduna.
Pregoia 20:30ean izango da Unkina plazan eta ondoren jaiak eztanda egingo du hainbat ekintzekin. «Eman izena euskararen aldeko ekimenean!», adierazi dute Euskaralditik plazatik botako duten mezuaren atarian.