
Operación Triunforen castingean parte hartu duten bi galdakoztarrak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Haizea Roldanen sareetatik
Operación Triunfo programa hurrengo ediziorako lehiakideen bila dabil eta castingak hasi ditu. Atzo Bilbon izan ziren eta castingean galdakoztar bik parte hartu zuten: Haizea Roldan eta Oihane Andres. Castingean aurrera egitea lortu al zuten?
Milioika jarraitzaile dituen Operación Triunfo programa edizio berri bat prestatzen ari da eta honetarako lehiakide berrien bila dabil. Lehenengo galan arituko diren 18 abeslariak casting erraldoi baten bitartez aukeratuko dituzte eta hautaketa hau hasi dute honezkero.
Aurretik beste zenbait hiritan egon ostean, atzo Bilbao Arenan izan ziren programako arduradunak eta milaka pertsona aurkeztu ziren goizean egindako castingera, haien artean galdakoztar bi: Haizea Roldan (argazkian ezkerrean) eta Oihane Andres (eskuinean).
Biei pegatina jarri zieten castingaren lehen fasean, eta honi esker arratsaldean egin zen bigarren faserako sailkatu ziren. Roldanek Joan Manuel Serraten ‘Lucía’ eta ABBAren ‘The Winner Takes It All’ kantak aukeratu zuen bigarren fase honetan parte hartzeko eta Andresek aldiz, Radioheaden ‘Creep’ eta Marenen ‘Bitartean’.
Galdakoztarrek emanaldi ederrak eskaini zituzten baina ezin izan ziren hurrengo faserako sailkatu. Bilbon aurkeztu ziren milaka lagunetatik, lau bakarrik lortu zuten aurrera egitea.