
Trafiko mozketak izango dira Galdakaon bihartik domekara bitarte, Ibilaldiaren ondorioz
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Domekan, maiatzak 25, aurtengo Ibilaldia antolatuko du Eguzkibegi Ikastolak eta honen ondorioz trafiko mozketak izango dira Galdakaoko hainbat gunetan. Bihartik, maiatzak 22, domekara bitarte izango dira mozketak eta hemen batu ditugu hauen xehetasunak.
Galdakaon izango da aurtengo Ibilaldia, Eguzkibegi Ikastolak antolatuta domekan. Egitarau zabala antolatu dute egun horretarako eta baita aurrekorako ere, eta hiru gune izango ditu jaiak, BINKEk jaso zuen moduan.
Hirigunea eta mendi ibilbidea tartekatuko ditu zirkuituak eta errepide nagusiak oztopatu gabe oinezkoen bideetan izango dira ibilbideko metro gehienak. Hala ere, beharrezkoa izango da trafikoan murrizketa batzuk egitea, Udalak jakinarazi duenez.
Aparkalekuei dagokienez, bihartik, hilak 22, ezin izango da autorik utzi udaletxe atzeko txandakako aparkalekuan. Horrez gain, domekan bertan, 25ean, Bizkai eta Bilbo kaleetako zenbait aparkaleku autorik gabe egon beharko dira, eta beraz, zapatuko 20:00etarako libre egon beharko dira.
Bestetik, domekan, 07:00ak eta 20:00ak artean, Bizkai kalea itxita egongo da Pintxazoko errotondatik Juan Bautista Uriarte kalera arte, baita Muguru kalearen goiko zatia eta Bilbo kalea ere. Kale horietan garajea duten bizilagunak sartu eta atera ahal izango dira, antolakuntzako kideek lagunduta. Halaber, Errekalde bidean, Usagoiti eta Belate inguruak autoentzat itxita izango dira eta, salbuespenez, egoiliarrei zabalduko zaie etxerako bidea.
Zapatuan, maiatzak 24, ere murrizketa txiki bat izango da: Bizkai kaletik Juan Bautista Uriartera doan tartea arratsaldeko 17:00etatik 22:00etara egongo da itxita.