
Galdakao Futbol Taldeko beteranoek Jose Carlos Trasante jokalari ohia omendu zuten Cartagenan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakao Futbol Taldeko beteranoek
Cartagenan izan ziren pasa den asteburuan Galdakao Futbol Taldeko beteranoak eta hango taldearen kontra partida jokatu zuten. Aurretik, Cartagenan denbora luzez aritutako Jose Carlos Trasante jokalari ohia omendu zuten.
Urtero egin ohi duten moduan, Galdakao Futbol Taldeko beteranoek motxila hartu eta bidaia egin zuten pasa den asteburuan. Cartagenara joan ziren eta eguenean heldu ziren hirira, hango txokoak bisitatuz.
Barikuan ere Cartagena ezagutzen jarraitu zuten, kasu honetan gida batekin, eta besteak beste, portua eta Ontzi Museoa bisitatu zituzten. Zapatuan ordea, beteranoek futbol partida jokatu zuten Cartagenaren aurka eta 4-2 galdu zuten arren, «polita eta lehiakorra» izan zen partida.
Norgehiagokaren aurretik Jose Carlos Trasante Cartagenako jokalari ohia omendu zuten taldeek Gomez Meseguer zelaian. Cartagenen denbora luzez aritutako futbolaria aurten hil da, eta omenaldian haren familia ere izan zen. «Oso hunkigarria izan zen denontzat. Guk mozoilotxo bat oparitu genien eta Galdakaorentzat duen esanahia azaldu genien», azaldu digute beteranoek.
«Ahal izatekotan Galdakaora etorriko direla azaldu ziguten ere Cartagenakoek. Guk ilusioz handiz hartu genuen, asko gustatzen zaigulako taldeak gure herria ezagutzera etortzea», adierazi dute.


