
Galdakaoko Txirrindulari Gelak bosgarren erronka solidarioa antolatuko du ekainaren 7an
TESTUA ETA IRUDIAK: Irati Alonso García
Ekainaren 7an aurtengo Mozoilo Eguna antolatuko dute Galdakaoko hainbat taldek eta honen baitan Galdakaoko Txirrindulari Gelak bere bosgarren erronka solidarioa egingo du. Mugikortasun arazoak dituzten haurrak mendira joan ahal izateko aulki egokitu bat erosteko finantzaketa lortzea da aurtengo helburua.
Galdakaoko Txirrindulari Elkartearen Gelak erronka solidarioa antolatuko du aurten ere, ekainaren 7an egingo den Mozoilo Egunaren egitarauaren baitan. Bosgarren edizioa izango da oraingoa eta antolatzaileek atzo azaldu zituzten erronkaren nondik norakoak, Ardanza parkean egindako agerraldian.
Ekimenaren aurkezpenean Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak, Asier Korta Kirol zinegotziak, Amets Iturbe Gizarte Ekintzako zinegotziak, Igor Anton Galdakao Txirrindulari Elkarteko ordezkariak, Eduardo Olea Ganguren Mendi Taldeko presidenteak, Cristian Lauro Ibilki elkarteko sortzaileak, Aitor Gonzalez Bizkaiko Kirol Egokituaren Federazioko presidenteak eta Alfonso Requero Bizkaiako Mendi Elkarteko presidenteordeak parte hartu zuten.
Proiektua Ganguren Mendi Taldearekin eta Galdakaoko Udalarekin elkarlanean garatu du Gelak, eta baita Kirol Egokituko Bizkaiko Federazioarekin, Bizkaiko Mendi Federazioarekin eta Ibilki elkartearekin ere. Azken horrek, dibertsitate funtzionala duten pertsonek parte hartzen duten mendi klubak, Ganguren MTrekin batera, aulkiaren erabiltzaileak zeintzuk diren zehazteko ardura izango du.
«Oso garrantzitsua da herriko elkarteen arteko elkarlana eta ekintza hau honen adibide da», adierazi zuen alkateak eta baita inklusiboak izatearen garrantzia ere: «Herritarrak mugikortasun alorrean murrizketak dituztenek mendira joateko zailtasunaz kontzientziatzeko eta indarrak batuta edozein oztopo gaindi daitekeela erakusteko balioko du».
Ildo honetan ere, Laurok adierazi zuen mugikortasun urriko gazteak integratzeko oso lagungarria dela lortu nahi den aulkia, «naturara iristeko aukera edota euren kideekin batera bisita gidatuetara joan ahal izateko aukera, adibidez, ematen dielako». 68 kilo arte eraman ahal dira aulkian eta «ez da ohikoak bezain handia, pertsona bakarrak eraman dezake, erabilera errazekoa da eta haurrak lasaiago joango dira».
Aulki hau erosteko erronkak hiru ardatz izango ditu, Antonek azaldu zuenez: «Umeek laguntzak duen garrantzia ikustea, elkarteekin lankidetza indartzea, eta jaiaz disfrutatzea». Horretarako, egitarau hau prestatu dute:
07:00-20:00 BTT Erronka Galdakao-Gorbeia-Galdakao, 110 kilometro (gehienez 20 plaza)
16:30-20:00 GELA Ginkana Handia, Ardantza parkean, 6 eta 14 urte bitarteko haurrentzat (120 plaza gehienez). Hiru spinning saio izango dira Gandasegi eskolan eta baita bizikleten merkatu solidarioa ere
19:50-20:10 Igoera herrikoia, Plazakoetxetik Ardantza parkeraino (500 metro)
20:15 Erronkaren amaiera, oparien zozketa eta oroigarrien banaketa
Erronkan izena emateko epea zabalik dago Gelaren webgunearen bitartez.
Igor Antonen eta Amets Iturberen hitzak erronkaren inguruan: