
Kriminologiaren Euskadiko Elkargo Ofiziala sortu dute, galdakoztar bat tarteko
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Aitzol Zamalloa
Hainbat urtetako aldarrikapenaren ostean, Kriminologiaren Euskadiko Elkargo Ofiziala eratu da lehenengoz. Prozesuan Aitziber Bilbao galdakoztarrak parte hartu du eta berarekin hitz egin du BINKEk elkargoaren sorkuntzak sektorean izango duen eraginaz.
Sektoreko profesionalek aurrera eramandako urte askotako borrokaren ondoren, Eusko Legebiltzarrak Kriminologiaren Euskadiko Elkargo Ofiziala sortzeko legea onartu zuen maiatzaren 8an. Legea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian maiatzaren 20an argitaratu zen, eta egun horretatik aurrera jaio zen ofizialki elkargoa.
Prozesua duela hamar urte inguru hasi zen, Euskal Herriko Profesionalen eta Ikasleen Kriminologia Elkartea eratzean, Elkargo Ofiziala sortu ahal izateko aldez aurreko ezinbesteko urratsa.
«Kriminologiako ikasle talde batek pentsatu zuen elkartu egin behar ginela kriminologiako profesionalen figura defendatu ahal izateko, egiaztatu genuelako gure lan egoera ez zetorrela bat unibertsitate karrera hasi aurretik proposatzen zenarekin, eta EHUk proposatzen zituen lan-eskaintzak ez zirela egiazkoak», azaldu dio BINKEri Aitziber Bilbao galdakoztarrak, elkartearen presidentea izandakoak eta elkargoaren sorkuntzan parte hartu duenak.
Hain zuzen, kriminologoak defendatzea du helburu sortu berri den elkargoak: «Aitorpen ofiziala, babesa eta ikusgarritasuna ematen dizkio gure lanbideari». «Lege honek izaera ematen digu administrazio publikoari kriminologia lanpostuen zerrendetan sartzeko eskatu ahal izateko. Elkarte gisa 2014tik borrokatu dugu ideia hori, eta oraindik hor gaude. Beraz, aldaketa handienetako bat hau izango da, eta, horrela, lan merkatuan ateak irekiko ditugu», adierazi du Bilbaok.
Bestalde, kriminologoei soilik dagozkien funtzioak garatzen ari diren beste eremu batzuetako profesionalak daude eta hau aldatuko du legeak. «Prebentzioan, gazteen karrera kriminalari buruzko azterlanetan, genero-indarkeriaren esparruan, biktimei laguntzeko bulegoetan, herri eta hiri askoz atseginagoak diseinatzen, saihestu beharreko puntu beltzak kontuan hartzen, ikastetxeetan, bide-prebentzioaren esparruan, kirol-taldeetan eta jarduera-taldeetan» ere lagunduko du elkargoak, galdakoztarraren esanetan.
«Azken finean, elkargoak beste izaera bat ematen du kriminologoaren figura benetan bistaratu ahal izateko, une honetan ez dakigulako zer den eta zertarako gauden», azpimarratu du Bilbaok.