
Urreta kaleko 9 eta 11 zenbakien arteko tartea trafikoari itxita egongo da bihar
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Maximo Moreno Musika Eskola aurreko estalkia jartzeko lanen ondorioz, Urreta kaleko 9 eta 11 zenbakien arteko tartea trafikoari itxita egongo da bihar, ekainak 9. Zirkulazioa 09:00etatik 20:00etara itxiko da zati horretan.
Galdakaoko Udalak apirilean hasi zituen Maximo Moreno Musika Eskolaren ingurunea hobetzeko azken lanak. Horiek estalki bat jartzeko dira, eta aurrerago eserlekuak, lorontziak eta argia ere ezarriko dira, «plazari itxura atseginagoa emateko». Orain arte azalera zimendatu da, eta bihar, ekainak 9, pergola itxurako estalkia jarriko da.
Lan honek trafikoan eragina izango du. Zehazki, 09:00etatik 20:00etara Urreta kaleko zirkulazioa etengo da 9. zenbakitik (eskola) 11. zenbakira (Ibaizabal kaleko 14. zenbakiarekin dagoen bidegurutzea). Trafikoa Ugesano kaletik bideratuko da, eta horra heltzeko Musika Eskola ondotik kontrako noranzkoan zirkulatu ahal izango da. Garajeetara sartzeko eta irtetzeko aukera une oro egongo da.
Halaber, N-634 errepidetik Urreta kaleko 11. zenbakiaren parean irteteko bideari ere eragingo dio; beraz, ezingo da errepide nazionaletik Ibaizabal kalera sartu.