
Etxeetan irisgarritasuna eta energia eraginkortasuna hobetzeko laguntzak eskainiko ditu Galdakaok
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Google Maps
Galdakaoko udalbatzak etxebizitzetan irisgarritasuna hobetzeko, energia eraginkortasuna areagotzeko eta iturri berriztagarriak jartzeko dirulaguntzak ematea onartu zuen urrian. Laguntza hauek eskatzeko epea zabalik dago honezkero eta azaroaren 30era arte egin daiteke.
Urriko osoko bilkuran hiru laguntza lerro onartu zituen Galdakaoko udalbatzak, herritarrei euren etxebizitzetan irisgarritasuna eta energia eraginkortasuna areagotzea eta energia iturri berriztagarriak instalatzea errazteko.
Dirulaguntza horien helburua «herritarren eguneroko bizi kalitatea hobetzea eta etorkizunari begira herri iraunkorragoa uztea da» eta eskatzeko epea zabalik dago honezkero, azaroaren 30era bitarte. Izapidea egoitza elektronikoaren bidez egin ahal izango da.
Diruz lagundu daitezkeen esku hartzeak 2024-25 aldian etxebizitzetan edo eraikinetan egindakoak dira. Horregatik, «garrantzitsua da egindako obren eta aurten egingo direnen fakturak gordeta edukitzea».
Udalak 300.000 euro bideratuko ditu guztira, sarrera ordenaren arabera, eta gehienez ere 3.000 euro etxebizitza bakoitzeko —familiaren diru sarrerak kontuan hartuta— eta 8.000 euro eraikin bakoitzeko —aurrekontu babesgarriaren %40ra arte–.
Zehazki, honako esku hartzeen kostuak ordaintzen laguntzeko abiatu dira diru laguntza hauek:
1. lerroa, irisgarritasuna hobetzeko obrak:
- Elementu komunetan egindakoak: igogailuak lehen aldiz instalatzeko lanak, dagoeneko martxan dagoen igogailura arteko bidea ibilerraz bihurtzeko lanak (bide publikotik etxebizitza bakoitzera bitartekoa) eta pasabideak eta/edo ateak egokitzeko lanak (zabalera, norabidea, eta abar aldatzekoak, eta beharrezkoak diren mekanismoak edo elementuak instalatzea).
- Elementu pribatiboetan egindakoak: bainugeletako barrualdeak hobetzea (bainuontzien ordez dutxak jartzea, ateak, komunen egokitzapena, eta abar), baita segurtasun elementu finkoak instalatzea ere, hala nola bainuontziko eserlekuak, txorrotak, itxiturak, barrak eta/edo euskarriak. Beti ere, mugikortasun urriko pertsonak edo 65 urtetik gorakoak bizi badira
2. lerroa, energia eraginkortasuna hobetzeko obrak:
- Elementu komunetan egindakoak: eraikinaren inguratzaile termikoa, eraikinaren beharrezko isolamendua edo galdara komunitarioak hobetzeko obrak, baita galdara komunitarioak berritzea ere, kutsadura gutxiago dakarten beste galdarak jartzeko.
- Elementu pribatiboetan egindakoak: energia eraginkortasuna hobetzea, bai eta etxebizitzaren inguratzaile termikoa hobetzeko lanak ere (itxiturei isolamendu termikoa handitzekoak, arotzeria eta beirakiak ordezkatzekoak eta galdarak berritzekoak).
3. lerroa, energia iturri berriztagarrien instalazioa:
- Autokontsumorako energia berriztagarrien iturriak instalatzeko egindako obren azken fakturaren %5 itzuliko da, BEZa kenduta, gehienez 3.000 euroraino.
- Dirulaguntza lerro hau ez da bateragarria izango Galdakaoko Udalaren Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zerga arautzen duen Ordenantza Fiskalean aurreikusten diren hobariekin.
Udal gobernuaren planaren hiru ardatzekin bat dator neurri hau, «guztion artean Galdakao erosoago, osasuntsuago eta oparoagoa eraikitzeko bidean aurrera egiteko». Horregatik, laguntza horiek urtero ematea da Udalaren asmoa, udalbatzak urtez urte erabakiko duen diru kopuruarekin.