
Galdakaoko euskaltegiek A1 eta C1 mailen arteko ikastaro trinkoak eskainiko dituzte udan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
A1 eta C1 mailen arteko ikastaro trinkoak eskainiko dituzte uda honetan Galdakaoko euskaltegiek. Hauetan izena emateko epea zabalik dago ekainaren 19ra bitarte.
Galdakaoko euskaltegiek A1 eta C1 mailen arteko ikastaro trinkoak eskainiko dituzte uda honetan. Udal zentroetakoak uztailean izango dira, B2 eta C1 mailetan, goizeko ordutegian. Izena emateko epea zabalik dago hilaren 19ra arte Udalaren webgunearen bidez egin beharko da.
Bi ikastaroak uztailaren 1ean hasiko dira, asteartea, eta hilaren 23ra arte, asteazkena, iraungo dute. Guztira, 85 eskola ordu emango dira, asteko egun guztietan, 08:30etik 14:00etara.
Eskaintza hizkuntzaren ezagutza hobetu nahi duten pertsonei zuzenduta dago. Izan ere, B2 eta C1 mailek aldez aurreko ezagutza eskatzen dute. Egokiak dira, beraz, euskararen ezagutza gero eta gehiago baloratzen den lan esparruetan ate berriak ireki nahi dituztenentzat, edo denbora batez erabili gabe egon ondoren erraztasuna berreskuratu nahi dutenentzat, adibidez.
Udako ikastaroen prezio orokorra 104,55 eurokoa da, baina 2007 eta 2009 artean jaio eta C1 mailan izena ematen dutenek 22,10 euro ordainduko dute honako baldintza hauek betetzen badituzte: 22,10 euroko ordainagiria ematea, HABE frogarako eskabidea aurkeztea eta gutxienez asistentzia % 75ekoa izatea.
Bestalde, langabetuek edo Diru sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) jasotzen ari direnek deskontuak izango dituzte udako euskara ikastaroetarako. Zehazki, langabezian urtebete edo gehiago daramatenek 20 euro ordainduko dute, eta DBE jasotzen dutenek, berriz, 5 euro.
Informazio gehiago nahi izanez gero, 944 566 174 telefonoaren bidez edo euskaltegia@galdakao.eus helbide elektronikoaren bidez jar daitezke harremanetan.
Bestalde, Barandiaran AEK-k 3, 4 eta 5 orduko ikastaro trinkoak eskainiko ditu A1 eta C1 mailen artean. Kasu honetan, eskaintza zabalagoa da eta euskara erabiltzen hasi nahi duten pertsonei ere zuzenduta dago. Ekainean uztaileko ikastaroetarako matrikula egin beharko da, eta abuztuko eta iraileko ikastaroetarako, berriz, uztailaren 4ra arte egiteko aukera egongo da.
Kasu horretan, eskualdeko udalek %45 eta %75 arteko dirulaguntza ematen dute, eta Eusko Jaurlaritzak ere hobariak eskaintzen ditu maila bat gaindituz gero edo egiaztatuz gero. AEK-k eskaintzen dituen ikastaro eta deskontuei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, deitu 944 564 119 telefonora, Whatsapp bidez 688 746 706 telefonora edo bidali e-maila barandiaran@aek.eus helbidera.