
Euskadiko Hondartza-Bolei Txapelketa hartuko du Galdakaok hurrengo asteburuetan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Elexaldeko hondartza-boleiko pistak diziplina horren aurtengo Euskadiko Txapelketa hartuko du hurrengo asteburuetan. Gizonezkoen 21 urtez azpiko eta kategoria absolutuak lehiatuko dira Galdakaon.
Euskadiko Hondartza-Bolei Txapelketa hartuko du Galdakaok hurrengo asteburuetan. Hileko lehen bi asteburuetan emakumezkoen 17 urtez azpikoen eta gizonezkoen 19 urtez azpikoen kategoriak Elexalden jokatu ondoren, datozen bietan gizonezkoen 21 urtez azpikoen eta kategoria absolutuaren txapelketak lehiatuko dira gure herrian. Ekitaldiak ekainaren 22an eta ekainaren 29an izango dira, hurrenez hurren.
Lehiaketa bakoitzean 20 bikote baino gehiagok parte hartzea aurreikusi dute, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako hainbat herritatik etorritakoak. Partidak 16:00etan hasiko dira zapatuan eta 09:00etan domeketan, eta 19:00ak inguru bukatuko dira.
Euskal Boleibol Federazioak antolatu ditu jardunaldi hauek Galdakao Bolei Taldearekin eta Udalarekin elkarlanean. Horren arabera, aurreko asteburuetako edizioak «parte hartze eta lehiakortasun maila bikainarekin jokatu dira, eta arrastoa utzi dute euskal hondartza boleian». Asier Korta Kirol zinegotzia eta Asier Egiraun Hirigintza zinegotzia lehiaketetan izan ziren, «kirol honen garapena bultzatuz eta sari banaketan parte hartuz».