
BIDEOA | Auto batek zenbait pertsona harrapatu ditu Urretako jaietako «motor show» erakustaldian
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: sare sozialetatik
San Juanetako egitarauaren baitan antolatutako autoen erakustaldian, parte-hartzaile batek ibilgailuaren kontrola galdu eta zenbait ikusle harrapatu ditu gaur arratsaldean Urreta auzo galdakoztarrean.
Jaiegun izan beharko lukena sustoan amaitu da Urretako San Juan jaietako domekan, Galdakaon. «Motorshow» autoen erakustaldian izandako istripu batek gutxienez hamar pertsona zauritu ditu Bizkai kalean.
San Juan Bizirik Dirau Jai Batzordeko kide den Ivan Felipek Radio Nervion irrati-kateari egindako adierazpenen arabera, erakustaldian parte hartu duen autoetako batek kontrola galdu du, espaloi baten kontra jo eta ikuskizuna ikusten ari ziren ikusleetako hamar lagun inguru harrapatu ditu.
Biktimek hainbat zauri jasan dituzte, baina «gehienak zauri arinak dira», Udaltzaingoak BINKEri azaldu dionaren arabera. Horietako hiruk ordea, lesio larriagoak badituzte ere —Radio Nervion eta ETBk esandakoaren arabera—, ospitalera eraman eta Usansolon artatu dituzte arriskutik kanpo.
Dozenaka ekintza antolatu dituzte aurten, beste urte batez, Urreta auzo galdakoztarreko jaietan, eta bihar San Juan bezperako su eta erritualekin dute jaiak amaitzeko asmoa.