
Bekeako zubia itxiko dute gauez gaurtik eguenera bitarte
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Bizkaiko Foru Aldundia inguruko errepideak mantentzen ari da eta lan hauen ondorioz Bekeako zubia itxiko dute gauez gaurtik eguenera bitarte. BI-30 errepideko 27. irteera adarrean ere zirkulazioa itxiko da barikura arte.
Galdakaoko eta inguruetako errepideak mantentzeko lanak egiten ari da Bizkaiko Foru Aldundia eta honen ondorioz Bekeako zubia itxiko dute gauez gaurtik, ekainak 23, eguenera bitarte.
Afekzioa gaueko ordutegian izango da, 22:00etatik 06:00etara, eta ibilbide alternatibo bat egongo da. Zehazki, bide hori erabili nahi dutenek N-634 errepidetik —Donostiarako noranzkoan— N-240 errepiderantz Gasteizerako noranzkoan jo beharko dute, hortik Laminarrieta bidea hartu, Meatzetatik jarraitu eta Puentelatorre auzoa gurutzatuz.
Bestalde, Txorierriko bizipistako Erletxe eta Larrabetzu arteko tartea eraikitzeko lanek ere eragina izango dute trafikoan datorren astean zehar, ekainaren 22tik, igandea, 27ra, ostirala, bitarte. Bizkaiko Foru Aldundiak gauez itxiko du zirkulazioa BI-30 errepideko 27. irteera adarrean, 22:00etatik 06:00etara. Bide alternatiboa A-8 autobidea hartzea da, Santanderrerako noranzkoan, 105. irteeraraino. Handik, N-240 errepidea Gasteizerako noranzkoan eta N-634 errepidea Galdakaorako noranzkoan hartu ahal izango dira.