
Kale liburutegiak jarri dituzte Txistulandan, Bengoetxen eta Berezikoetxen
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Galdakaoko Udalak herrian zehar kale liburutegiak ezartzeko proiektua jarri zuen martxan duela bi urte eta ekimena handitzen joan da pixkanaka. Orain hiru kale liburutegi berri jarri ditu Txistulandan, Bengoetxen eta Berezikoetxen, eta Urretakoa berritu du.
Liburuei bigarren bizitza bat emateko, herritarren artean berrerabilerarako edo elkar trukerako joera sustatzeko eta irakurtzeko ohitura indartzeko helburuz, herrian zehar kale liburutegiak jartzeko proiektua abiatu zuen Galdakaoko Udalak duela bi urte.
Lehenengo liburutegia Urretan jarri zen, Musika Eskolaren plazan, eta, «bizilagunen harrera ona ikusita», ekimena herriko beste gune batzuetara zabaldu da orain. Zehazki, Txistulandako parkean, Bengoetxeko ludotekaren ondoan eta Berezikoetxen kale liburutegi berriak jarri ditu. Gainera, Urretan zegoen liburutegia aldatu egin du, «denbora pasa ahala zahartzen joan da eta».
Egitasmoa Txistulandako kale liburutegian aurkeztu zen, «auzo horretako bizilagunak izan baitziren ekimen honen bultzatzaile nagusiak, 2023-24 eperako aurrekontu parte hartzaileen prozesuaren bitartez».
Aurkezpenean, auzokideak eta udal ordezkariak elkartu ziren. Besteak beste, Edurne Espilla Kultura zinegotzia eta Maite Arandia Parte Hartzerako zinegotzia izan ziren eta baita Galdakaoko Ludoteketako 3 eta 11 urte bitarteko haurrak.
Udalak gogorarazi duenez, «kale liburutegiak armairuak dira, non edonork utzi edo har ditzake liburuak, horrela herritar guztiengan ohitura iraunkorragoak sustatuz, liburuei bigarren bizitza bat emango baitiete». Herriko parkeetan, plazetan eta pasaguneetan egongo dira eta, ekimena arrakastatsua izan dadin, herritarren eta eragileen parte hartzea eskatzen du Udalak, liburutegiak elikatu eta zaintzea denon ardura izango baita.