
Protokoloak berrikusiko ditu Galdakaoko Udalak, atzo Urretako jaietan gertatutako istripuaren ostean
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Sare sozialetatik
Urretako jaiak lege eta protokolo guztiak beteta antolatu badira ere, azken hauek berrikustea erabaki du Galdakaoko Udalak, gaur goizean egindako bileran. Iñigo Hernando alkateak bederatzi zaurituekin hitz egin du, eta guztiak «arriskutik kanpo» daude.
Atzo Urretako San Juanetako egitarauaren baitan antolatutako «Motorshow» autoen erakustaldian, parte-hartzaile batek ibilgailuaren kontrola galdu zuen eta bederatzi pertsona zauritu zituen, BINKEk jaso zuen moduan.
Amets Iturbe Jaietako zinegotziak azaldu duenez, Udalak ohi bezala Urretako Jai Batzordeari erantzukizun zibileko asegurua eta aforo memoria eskatu dizkio jaien antolakuntzari, azken hau kanpoko profesional batek garatuta.
«Antolakuntzak aforo memoria honetan jartzen zuena bete zuen, eta horrela ikusi zuen Udalak. Adibidez atzo Urretako kalean ikusi genuen zirkuitua mugatuta zegoela eta sorospen postua ezarrita zegoela, eta baita ekintza garatu zen bitartean udaltzaingoak bertan egon zirela», adierazi du Iturbek. Bestalde, azaldu du Urretako Jai Batzordeak eta pilotoak aseguru zehatzak zituztela «Motorshow» autoen erakustaldia garatzeko.
Guzti hau bete arren, protokoloak berrikustea erabaki du Udalak, gaur goizean egindako bileran. Bestalde, Iñigo Hernando alkateak zauritu guztiekin hitz egin du, eta denak arriskutik kanpo daude, gehienak etxean. «Udaletik gure besarkadarik handiena transmititu nahi diegu zaurituei», azpimarratu du Iturbek.