
Maximo Moreno parkea eta Ibaizabal ibaiaren ingurua berreskuratzea eskatu dio PSE-EEk Udalari
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko PSE-EE
Galdakaoko PSE-EEk Maximo Moreno parkea eta Ibaizabal ibaiaren ingurua berreskuratzeko eta hobetzeko proiektua bultzatzea eta «gehiago ez atzeratzea» eskatu dio Udal Gobernuari. Horretarako, mozioa aurkeztuko du aste honetan antolatuko den udal osoko bilkuran.
Ibaizabal ibaiairen ingurua eta Maximo Moreno parkea Galdakaoko bizilagunen aisialdirako eta gozamenerako erreferentziazko espazio bihurtzea eskatu dio Galdakaoko PSE-EEk Udal Gobernuari, «espazio horiek berreskuratzeko, hobetzeko eta egokitzeko proiektuen bidez».
Sozialistek adierazi dutenez, joan den abenduan adostu zuten Udal Gobernuarekin 2025eko aurrekontuetan abstenitzea, proiektua aurten bertan hastearen truke, eta «kezkatuta gaude, urtearen erdialdea iritsita eta ia udan, ez delako aurrerapenik egin eta ez delako horretarako partidarik prestatu».
Horregatik, eskatu dute aurten bertan proiektuari baliabide ekonomikoak ematea eta ekintzen egutegi bat ezartzea, «aurten aurrerapenak egin ahal izateko eta proiektuak jarraipena izan dezan hurrengo ekitaldietan».
«Galdakaok urte asko daramatzala ingurune horri bizkarra ematen eta bere potentziala alferrik galtzen adierazi dugu, eta ezin dela beste urte bat pasatzen utzi ezer egin gabe. Gainera, ingurutik gertu egin diren edo egingo diren jarduketak aprobetxatzea eskatu dugu, espazio hori herritarrentzat gozamenerako eta aisialdirako erreferentzia izango den proiektu bat diseinatzeko», azaldu dute.
«Proiektuak ingurumen-, klima-, genero-, segurtasun- eta inklusio-irizpideak kontuan har ditzala, biodibertsitatea bultza dezala, eta Ibaizabal ibaiaren pasabidearekiko paraleloak diren bizikleta-bideak eta bide paseagarriak txerta ditzala eskatu dugu, udalerriaren gainerako zatiekin lotzeko», gehitu dute sozialistek.
Hau guztia eskatzeko mozioa aurkeztuko dute aste honetan antolatuko den udal osoko bilkuran.