
GBGEk Valentziako uholdeetan egindako lana aitortu du Eusko Jaurlaritzak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Eusko Jaurlaritza
Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkartea azarotik apirilera bitarte izan zen Paiportan, DANA-k sortutako kalteetan laguntzen. Lan honengatik aitorpena egin dio Eusko Jaurlaritzak, «elkartasun antolatua, eraginkorra, egonkorra eta ezinbestekoa dela» azpimarratuz.
Ekainaren 3an euskal elkarteek Valentziako DANAn egindako lana aitortzeko ekitaldia egin zuen Eusko Jaurlaritzak. Zehazki, Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkartea (GBGE), DYA, Gurutze Gorria eta Caritas aitortu zituen hitzorduan.
GBGE azarotik apirilera bitartean Paiportan izan zen eta bertan, hainbat lan egin zituen udalarekin lankidetzan, hala nola laguntza humanitarioko biltegi zentralen kudeaketa integrala, herritarrei laguntza banatzeko hainbat gune sortzea eta mantentzea, korapilo logistikoak ezartzea, boluntarioen koordinazioa eta biztanleentzako doako ikuztegi industrial bat instalatzea.
Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak ekitaldian nabarmendu zuenez, «elkartasun antolatua, eraginkorra, egonkorra eta ezinbestekoa da, batez ere gizartea polarizatu eta tenkatu besterik egiten ez duten eragileek modu faltsu eta artifizialean zalantzan jartzen dutenean».