
Merkataritza eta ostalaritza sustatzeko 300.000 euro bideratuko ditu Galdakaoko Udalak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Google Maps
Galdakaoko Udalak 300.000 euro bideratu ditu merkataritza eta ostalaritza sustatzeko programetara. Gu Dendari eta Gertutasuna elkarteek hainbat jarduera egiteko laguntza jaso dute, besteak beste, jolas interaktiboak, txapelketak eta kale animazioa.
Galdakaoko Udalak herriko merkataritza, ostalaritza eta enpresa zerbitzuei bultzada bat emateko dirulaguntzen oinarriak onartu zituen pasa den otsaileko osoko bilkuran. «Tokiko ekonomiarentzat estrategikoak diren sektore horien asoziazionismoa aktibatzea, bultzatzea, profesionalizatzea eta sustatzea» da ekimenaren helburua.
Guztira, 300.000 euro bideratu ditu Galdakaoko elkarteek proposatutako eta 2025. urtean garatuko diren jarduera, proiektu edo kanpainetara. Horrela, sektore bakoitzerako proiektu eta jardueren urteko programa bakarra diruz lagunduko du.
Zehazki, partida honela banatu du Galdakaoko Udalak: 200.000 euro merkataritzarekin eta zerbitzuekin lotutako jardueretarako, eta 100.000 euro ostalaritzaren esparrurako.
Deialdi horretara tokiko bi elkarte aurkeztu dira: Gu Dendari Elkartea (merkataritza eta ostalaritza) eta Gertutasuna Elkartea (ostalaritza). Proposamenak aztertu ondoren, dirulaguntza honela banatu da: 219.590,86 euro lehenengoarentzat, horietatik 200.000 merkataritza jardueretarako eta 19.590,86 euro ostalaritzarako; eta, bigarrenak, berriz, ostalaritza jardueretarako 80.409,14 euro jasoko ditu.