
Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua urtebetez soilik luzatzea adostu zuen Galdakaoko udalbatzak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Galdakaoko udalbatzak Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren kontratua urtebetez soilik luzatzea adostu zuen egueneko osoko bilkuran. Helburua Udalak zaintza zerbitzu hau bere gain hartzea da.
Duela urtebete Udalak Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua bere gain hartzea erabaki zuen Galdakaoko udalbatzak eta prozesu hau aurrera eramateko asmoz, zerbitzu honen kontratua urtebetez soilik luzatzea adostu zuen eguenean udalbatzak, ekaineko osoko bilkuran.
«Indarrean dagoen kontratua gehienez urtebetez luzatuko da, baina Udalak kudeaketa zuzena lehenago egituratuta badu, lehenago etengo da luzapen hau. Prozesu konplexua da etxez etxeko laguntza zerbitzua munizipalizatzeko egin beharrekoa eta urratsak ondo, sendo eta seguru egiteko erabaki da bitarte horretan zerbitzua ematen jarraitzeko kontratua luzatzea», adierazi du Udalak.
Alderdiek beste hainbat erabaki hartu zituzten saioan, besteak beste, kirol instalazioen kudeaketa kontratua urtebetez ere luzatzea eta Prezero enpresak 2025eko maiatzan hiri hondakinak batzeko egindako lanei dagokion faktura ordaintzea.
Bestalde, bi mozio atzera bota zituen udalbatzak: txakurren txizen eta gorotzen inguruko sentsibilizazio kanpainen ingurukoa —EAJ-PNVk aurkeztua—, eta Ibaizabalen erribera eta Maximo Moreno parkea hobetzeko eskaerari buruzkoa —PSE-EEk aurkeztua—. Bi kasuetan, eskatzen ziren lan horiek «dagoeneko aurkeztuta eta martxan daudelako» bota zituzten atzera mozioak Udal Gobernua osatzen duten taldeek (EH Bildu, UH eta Auzoak).
Erabaki guzti hauek hartu baino lehen, aipamen batekin hasi zen plenoa. Duela gutxi zendu diren Udaleko bi langile ohi aipatuta eman dio hasiera ekaineko osoko bilkurari Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak: Fernando Garcia de Eulate eta Nerea Berganza lankide izandakoak aipatu, eta doluminak adierazi dizkie bien senideei Udalaren izenean.