
Tenperatura altuen aurrean neurriak zorroztea gomendatu du Galdakaoko Udalak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: F. Smith
Euskalmetek alerta laranja ezarri du gaurko tenperatura altu iraunkorrengatik eta honen aurrean, nork bere burua babesteko neurriak zorroztea gomendatu du Galdakaoko Udalak. Albiste honetan batu dugu hartu beharreko neurrien zerrenda.
Kantauriko barnealdean egun hauetan izango diren tenperatura altu iraunkorren ondorioz, alerta laranja ezarri du Euskalmetek, Euskal Meteorologia Agentziak. Horrek zenbait arrisku ekar ditzake herritarrentzat, bereziki haurrentzat, adinekoentzat edo gaixotasun kronikoak dituztenentzat.
Ildo horretan, egunaren erdiko orduetan eguzkitan ez egotea, hidratazio egokia mantentzea eta aire zabaleko jarduera biziak mugatzea gomendatu du Galdakaoko Udalak. Halaber, hurrengo gomendioak luzatu ditu:
- Likido ugari edatea, bereziki ura, deshidratazio arriskua saihesteko. Ez itxaron egarri izan arte edateko. Saihestu alkohola, kafeina edo azukre gehiegi duten edariak.
- Otordu arinak egin (entsaladak, gazpatxoa, barazkiak, fruta, etab.).
- Eguzkia jotzekotan, itxi leihoak eta jaitsi pertsianak, etxea aireztatzeko eta freskatzeko bero gutxien egiten duen orduak aprobetxatuz.
- Erabili arropa egokia, lasaia, arina eta kolore argikoa, eta oinetako eroso eta freskoak.
- Bero handieneko orduetan kalera ez irteten saiatzea. Irten behar bada, burua estalita eraman eta eguzkitako betaurrekoak beti itzala bilatu.
- Ariketa fisikoa egiten bada, bero gutxien egiten duen orduetan egin.
- Pertsona edo animali bat aparkatuta eta itxita dagoen ibilgailu batean inoiz ez geratzea edo uztea, nahiz eta itzalpean egon.
- Gogoan izan, etxean 35º edo gehiago edukita, haizagailuek ez dituztela beroak osasunean eragin ditzakeen ondorioak saihesten. Freskatzeko beste metodo batzuk erabiltzea komeni da, hala nola dutxak edo bainu hotzak, edo aire girotua duen hurbileko leku batera joatea.
- Bereziki zaintzea adinekoek eta haur txikiek ere gomendio horiek bete ditzaten. Etxean bakarrik bizi diren pertsonei ere arreta berezia eskaintzea.