
N-634 errepidetik Galdakaora Abusu paretik sartzeko bidea itxiko dute gauez
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Google Maps
Bizkaiko Foru Aldundiak inguruko errepideak mantentzeko hasitako lanek beste errepide mozketa bat eragingo dute gaur gauetik. Zehazki, N-634 errepidetik Galdakaoko erdigunera sartzeko Abusu auzoaren parean dagoen irteera erabat itxiko dute.
Galdakaoko eta inguruetako errepideak mantentzeko lanak egiten ari da Bizkaiko Foru Aldundia eta honen ondorioz errepide batzuk itxi behar izan dituzte azkenaldian.
Oraingoan, N-634 errepidetik —Bilborako noranzkoan— Galdakaoko erdigunera sartzeko Abusu auzoaren parean dagoen irteera erabat itxiko da, gaueko ordutegian, 22:00etatik 06:00etara.
Errepidea gaur gauetik, uztailak 1, barikura arte moztuko da. Ohi den bezala, ibilbide alternatibo bat egongo da: Iberluzeko biribilgunetik sartu ahal izango da Galdakaoko erdigunera, hortik Zabalea kalea hartuz.