
Da Capo Musika Bandak eta Maider Legarretak kontzertua eskainiko dute Galdakaon
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Da Capo Musika Banda
Galdakaoko Da Capo Musika Bandak udako kontzertu berezia eskainiko du uztailaren 17an, Kurtzeko plazan. Maider Legarreta galdakoztarra arituko da bandarekin batera eta abesti herrikoiak interpretatuko dituzte.
Urtero egin ohi duen bezala, udako kontzertu berezia eskainiko du Galdakaoko Da Capo Musika Bandak uztailaren 17an 19:00etan, Kurtzeko plazan. Aire zabaleko emanaldia izango da eta, iaz bezala, guztiz doakoa.
Oraingoan Maider Legarreta galdakoztarra arituko da bandarekin batera eta herritar guztiek ezagutuko dituzten abesti herrikoietan oinarritutako kontzertua eskainiko du. Besteak beste, ‘Guk Euskaraz’, ‘Maite Zaitut’, ‘Ilargia’ edo ‘Txoriak Txori’ bezalako abestiak entzun ahal izango dira saioan.
Udalak galdakoztar guztiei Kurtzeko plazara gerturatzeko deia egiten die, «ospakizun musikal honetaz gozatzeko». «Elkartzeko, denok batera abesteko eta udari merezi duen bezala ongietorria egiteko aukera paregabea da, musika, alaitasuna eta komunitatea bitarte», adierazi du.