
Bengoetxetik abiatuko den ibilbide zirkularra antolatu du domekarako Gangurenek
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: G. García
Asteburuan Bengoetxeko jaiak ospatuko dituzte eta horretarako egitarau zabala antolatu dute. Honen baitan, Bengoetxe eta Ganguren Mendiaren inguruak zeharkatzeko ibilbidea eskainiko du Ganguren Mendi Taldeak domekan, uztailak 20.
Bengoetxe auzo galdakoztarreko jaiak barikutik, uztailak 18, domekara bitarte ospatuko dira. Besteak beste, janari txapelketak, tailerrak eta musika saioak antolatuko dituzte hiru egunetan zehar, BINKEk jaso zuen moduan.
Halaber, Bengoetxe eta Ganguren Mendiaren inguruak zeharkatzeko ibilbidea eskainiko du Ganguren Mendi Taldeak domekan, uztailak 20, egitarauaren baitan.
Ibilbide zirkularra izango da eta 10:00etan hasiko da Bengoetxeko txosnagunetik, hurrengo txokoak zeharkatuz: Bengoetxe, Ergoien, Aranzelaiko presea, Asuela basoa, Elorritxueta,Txaketo Iturria, Axpuru eta Troka presea. Izen-ematea doakoa da eta bkaiakb@gmail.com helbidera idatziz egin daiteke.
Ibilbidearen ostean paella herrikoia eskainiko dute 8 euroren truke eta honetarako tiketak salgai daude Bengoetxeko jubiletxean, Ganguren Mendi Taldearen lokalean eta txosnan.