
EGITARAUA | Folklore Bizian jaialdia gaur hasiko da Galdakaon, Mexikoko talde batekin
TESTUA ETA ARGAZKIA: Irati Alonso García
Gaur, uztailak 15, arratsaldean hasiko da Folklore Bizian jaialdia eta Mexikoko talde bat arituko da aurtengo edizioan. Taldea iritsi da honezkero Galdakaora eta Andra Mari Talde antolatzaileko kideekin eta Udaleko ordezkariekin batu da.
Mexikoko talde bat arituko da gaur, uztailak 15, hasiko den Folklore Bizian jaialdian. Ekimenaren 38. edizioa antolatu du aurten Andra Mari Dantza Taldeak, eta Tajikistaneko talde bat ere etortzekoa zen, baina azken orduko arazoen ondorioz ez dira jaialdian izango.
Galdakaon gaur eta bihar arituko da talde mexikarra Andra Mari eta Ad Libitum Txistu Bandarekin batera, eta txosna eta foodtruck-a ere izango dira. Barikuan aldiz, Usansolon egingo da jaialdia, Oinarin Dantza Talde usansolotarraren parte-hartzearekin. Taldeek Sopela, Areatza eta Arrigorriaga bisitatuko dituzte ere, gaur Galdakaoko udaletxean egindako aurkezpenean Andra Mari Dantza Taldeko kideek azaldu dutenez.
«Eskerrak eman nahi dizkiogu Mexikoko taldeari Galdakaora etortzeagatik. Atzo gauean heldu ziren eta gaur goizean hemen dira aurkezpena egiteko, eta hau ere eskertzekoa da. Pena handia da Taijikistaneko taldea azkenean etorri ezin izana, baina saiatuko gara jaialdiko egunen batean beste talde bat ekartzen. Lortu edo ez, jaialdi polita izango da, mexikarrek asko dutelako erakusteko», azaldu du Unai Zabala Andra Mari Dantza Taldeko presidenteak.
Iñigo Hernando alkatea eta Edurne Espilla Kultura zinegotzia ere izan dira aurkezpenean, eta biek nabarmendu dutenez, «Galdakaorentzat oso garrantzitsua da beste kultura eta ohiturak urtero ezagutzeko aukera izatea, eta baita euskal tradizioak ezagutaraztea». «Andra Marik egiten duten lana eskertzekoa da benetan», adierazi dute.
Fiestas de México taldeko kideek ere hartu dute hitza Kurtzeko plazan egindako agerraldian, eta «oso pozik» daudela azpimarratu dute: «Gure kultura eta tradizioak zabaltzeko aukera honengatik eskertuta gaude. Galdakaon eta jaialdian zehar gure onena ematen saiatuko gara, hainbat dantza eta ikuskizun ezberdin eskainiz».
Hemen batu dugu jaialdiko egitarau osoa:
Gaur, uztailak 15
Galdakaoko Kurtzeko plazan, 20:30ean
Andra Mari Dantza Taldea (Galdakao)
Ad Libitum Txistu Banda (Galdakao)
Fiestas de México (Mexiko)
Uztailak 16, eguaztena
Galdakaoko Kurtzeko plazan, 20:30ean
Andra Mari Dantza Taldea (Galdakao)
Fiestas de México (Mexiko)
Uztailak 17, eguena
Larrabasterrako Urgitxieta plazan, 20:00etan
Andra Mari Dantza Taldea (Galdakao)
Fiestas de México (Mexiko)
Uztailak 18, barikua
Usansoloko Unkina kiroldegian, 20:00etan
Oinarin Dantza Taldea (Usansolo)
Fiestas de México (Mexiko)
Uztailak 19, zapatua
Areatzako frontoian, 20:00etan
Andra Mari Dantza Taldea (Galdakao)
Fiestas de México (Mexiko)
Uztailak 20, domeka
Arrigorriagako kiroldegian, 20:00etan
Andra Mari Dantza Taldea (Galdakao)
Fiestas de México (Mexiko)
