Santakurtzetan ere, «Galdakaok ez du inolako eraso matxistarik onartuko» nabarmendu dute Jai Batzordeak, mugimendu feministak, kuadrillek, udal korporazioak eta Txosna Batzordeak. Jarrera matxistei aurrean «irmotasunez eta elkarlanean» erantzungo dutela adierazi dute.
Gaur arratsaldean jaiak eztanda egingo du Galdakaon eta aurten ere herriak «jarrera matxisten aurrean irmotasunez eta elkarlanean erantzungo duela» nabarmendu dute Jai Batzordeak, mugimendu feministak, kuadrillek, udal korporazioak eta Txosna Batzordeak. Guztiek mezu argi bat bidali dute: «Galdakaon ez da inolako eraso matxistarik onartuko».
Udalak jakinarazi duenez, urte osoan zehar agente horiek elkarlanean aritzen dira, ez bakarrik jaiak antolatzeko, baizik eta «Galdakao parekideago, askeago eta seguruago baten eraikuntzan aurrera egiteko».
Jai Batzordeak eta Txosna Batzordeak, jaietako parte aktibo gisa, prestakuntza espezializatua jaso dute eraso matxistak detektatzeko eta horien aurrean jarduteko. Horrela, «inolako eraso edo jarrera matxistarik izaten bada, azkar eta modu eraginkorrean esku hartzeko irizpide argiak izango dituzte jaietan eragile diren horiek». Era berean, tabernei informazio materiala banatu zaie eraso sexisten eta LGTBIQ+foboen aurrean nola jokatu jakin dezaten.
Bestalde, Santakurtzetan kanpaina zabala jarri da martxan herritar guztiek informazioa eskuragarri izan dezaten. ‘Eraso matxistarik gabe, Galdakao aske’ leloa goiburu duen kanpainaren baitan, publiko desberdinei zuzendutako liburuxkak banatuko dira: taberna eta txosnetan lan egiten dutenentzako gomendioak dituztenak, gizonentzat beren jarreren inguruan hausnartzeko mezuak dauzkatenak eta emakumeentzat indarkeria matxista detektatzeko eta nola jokatu jakiteko aholkuak daramatzatenak.
Horrez gain, «Eraso matxistarik ez!» mezua duten eskumuturrekoak eta ‘Galdakao aske’ aldarrikatzen duten behin behineko tatuajeak banatuko dira, «indarkeriaren aurkako konpromisoaren ikusgarritasuna areagotzeko».
Jai egunetan zehar, Indarkeria Matxistaren Biktimei Laguntzeko Udal Programaren telefonoa (688 719 304) 24 orduz egongo da aktibo eta bi bariku eta zapatuetan, 21:00etatik 00:00etara, zerbitzu hori txosnagunean bertan egongo da, informazioa, aholkuak eta laguntza aurrez aurreko emateko. Eskumuturrekoak eta behin behineko tatuajeak ere bertan banatuko dira.
Azkenik, Berdintasun Kontseiluak, behar izanez gero modu koordinatuan jarduteko, salaketa publikoen protokoloa prestatu du.
Aurreko urteetan egin duten modua, Jai Batzordeko eta Txosna Batzordeko ordezkariak, mugimendu feministako eta emakumeen taldeetako kideak, txupinera eta pregoilaria, eta udal korporazioa, elkarrekin agertu dira argazki bateratu batean, «indarkeria matxistaren aurkako gaitzespen irmoa eta hura elkarrekin borrokatzeko konpromisoa erakusteko».