Galdakaoko Udalak kirol aukera zabala eskainiko du Urreta kiroldegian, eta ikastaroetan aurre inskripzioa egiteko epea zabalik dago. Plaza kopurua baino eskaera gehiago egonez gero, irailaren 21ean zozketa egingo da.
Behin jaiak amaituta, ikasturte berriari ekingo dio Urreta kiroldegiak eta Galdakaoko Udalak zabaldu du dagoeneko horretan eskaintzen diren ikastaroetan aurre inskripzioa egiteko epea.
Izapidea kiroldegiko harreran edo Udalaren webgunean egin daiteke, irailaren 20ra bitarte.
Plaza kopurua baino eskaera gehiago egonez gero, irailaren 21ean, astelehenez, zozketa egingo da, eta eskatzaileek irailaren 22an jakingo dute plaza lortu duten ala ez.
Aurtengo berritasun nagusia Urretako kiroldegian egin den gimnasioa da eta proposamen gehiago eskaintzeko aukera egongo da bi gela berritan. Horien artean, cross training, entrenamendu funtzionala, hyrox, pilates aurreratua, bizkar osasuntsua, stretching eta spin bike ikastaroak izango dira.
Horiez gain, ohiko ikastaroek ere jarraituko dute, besteak beste, yoga, tonifikazioa, GAP, mantentze gimnasia, eskalada eta gimnasia erritmikoa, maila eta adin guztietara egokituta. Ikastaroen prezioak 4,70 eta 52,90 euro artekoak izango dira, jardueraren eta erabiltzailearen abonuaren arabera.
Ur kirolen kasuan, ohiko eskaintzak bere horretan jarraituko du, adin eta maila guztietarako hainbat aukera bilduz; haurrentzako igeriketa ikastaroak, helduentzako hastapen, hobekuntza eta maila aurreratuko saioak, aquagym, aquahit, igeriketa entrenamenduak eta igeriketa egokitua izango dira, besteak beste. Prezioak 10,30 eta 123,50 euro artekoak izango dira, jardueraren, iraupenaren eta erabiltzailearen abonuaren arabera.




