Emakumeen 2. Mailako Euskal Kopa hartuko du Galdakaok asteburuan

Argazkia: Irati Alonso García

Asteburuan Emakumeen 2. Mailako Saskibaloi Euskal Kopa antolatuko da Urreta kiroldegian. Bertan Ointxe, Barakaldo eta Iraurgi taldeek hartuko dute parte, eta baita Ibaizabal galdakoztarrak ere.

Santakurtzetako azken egunetan murgilduta, hitzordu berezia hartuko du Urreta kiroldegiak asteburuan. Emakumezkoen 2. Mailako Saskibaloi Euskal Kopa antolatuko da Galdakaon aurten ere, lau talderen parte-hartzearekin.

Hiru partida jokatuko dira guztira Urretan. Irailaren 19an 17:30ean HGB Ausarta Barakaldo eta Mondragon Unibertsitatea Ointxe taldeek jokatuko dute lehen finalaurrekoa eta ostean aldiz, 20:00etan, Ibaizabal Saskibaloi Taldeak eta Iraurgi SB Elgoibarrek.

Finala domekan izango da, 12:00etan, eta partida guztietarako sarrera librea izango da kiroldegia bete arte.

Gaur goizean aurkeztu dute txapelketa, Urreta kiroldegian egindako agerraldian. Bertan Edurne Espilla Galdakaoko jarduneko alkateak, Luis Sautu Euskal Saskibaloi Federazioko presidenteak eta klub bakoitzeko jokalari batek hartu dute parte.

Espillak nabarmendu duenez, hitzordua aukera «paregabea» da goi mailako kirolaz gozatzeko eta «Galdakaok emakumeen kirola sustatzeko duen konpromisoa indartzeko».

Sautuk aldiz, Galdakaoko Udalaren laguntza eskertu du eta txapelketa honekin klubek denboraldia prestatzen hasteko aukera dutela adierazi du.

Julene Royale Ibaizabaleko jokalariak galdakoztarrak animatu ditu kiroldegia bete eta «saskibaloiaz gozatzeko». Hemen Royaleren hitzak txapelketaren inguruan: