Pirata jaia ospatuko dute Barikupasa ekimenean

Udako oporraldiaren ostean, bueltan da euskararen erabilera bultzatzeko Barikupasa ekimena. Irailaren 26an izango da eta pirata jaia ospatuko dute.

Barikupasa ekimena iaz jarri zen martxan haur eta helduen arteko harremanaren hizkuntza praktikak aldatu eta euskara gehiago erabiltzeko helburuz.

Udan geldialdia egin du ekimenak, eta horren ostean irailaren 26an jarriko da martxan berriz. Saioa Romualda Zuloaga plazan izango da, 17:15etik 18:15era, eta euria egitekotan Urreta eskolako patio estalira lekualdatuko da.

Oraingoan, piraten jaia izango da ekimenaren oinarria, eta Galdakaoko altxor ezkutuaren bila arituko dira haurrak eta gurasoak. «Ez dira faltako piraten jolasak, eskulanak eta hondar mugituak eta itsasontziak hondoratzeko jolasak», adierazi dute Udaletik.

Ekimenean parte hartzea doakoa da, baina familiek aurrez izena ematea beharrezkoa da. Parte hartzeko, umeen eta tutoreen izen abizenak, harremanetarako datuak eta helduen euskara ezagutza eta erabilera adierazi beharko dira.

Izena Internet bidezko galdetegiaren bidez edo ekitaldiaren egunean bertan, aurrez aurre, eman ahal izango da.