Segurtasun indarrei buruzko mozioa atzera bota zuen Galdakaoko udalbatzak

Argazkia: Galdakaoko Udalak

Galdakaoko EAJk elkarbizitzaren alde eta Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren defentsari buruzko mozioa aurkeztu zuen atzoko udal osoko bilkuran. Mozioa atzera bota zuen udalbatzak, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin, EH Bilduren kontrakoekin, eta Usansolo Herria eta Auzoak taldeen abstentzioekin.

Iraileko udal osoko bilkura hartu zuen atzo udaletxeak eta Iñigo Hernando alkatea aitatasun baimenaren bigarren zatian dagoenez, Edurne Espilla jarduneko alkateak zuzendu zuen saioa.

Bertan bi gai eztabaidatu zituzten alderdiek. Batetik, prezero enpresak 2025eko uztaila eta abuztuan hondakinak batzeko egindako lanei dagokion faktura ordaintzea onartu zuten.

Bestetik, Galdakaoko EAJ-PNVk aurkeztutako elkarbizitzaren alde eta Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren defentsari buruzko mozioa atzera bota zuen udalbatzak, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin, EH Bilduren kontrakoekin, eta Usansolo Herria eta Auzoak taldeen abstentzioekin.

Jeltzaleen esanetan, «Ertzaintza eta udaltzaingoak, Euskal Polizia Kidego guztiak, funtsezko elementu dira herritarren segurtasuna eta legeen betepena bermatzeko», eta azken asteetan udaltzaingoen eta Ertzaintzaren kontrako «eraso larriak eta seinalamenduak egin dira, soilik beren lana egin dutelako».

«Seinalamendu eta mehatxu larriak egin dira hiritarrek aukeratuta gobernuan lan egiten duten ordezkari publikoen kontra. Iraganeko garaiak gogora ekartzen dizkiguten jarduera eta jarrerak dira horiek», adierazi dute EAJ-PNVtik, eta honako oinarriak proposatu dituzte:

  • Ertzaintzaren, udaltzaingoen eta ordezkari publikoen kontrako erasoak, seinalamenduak eta jokaera bortitzak gaitzestea. 
  • Ertzaintzak eta udaltzaingoek hiritargoa babesteko egiten duten ezinbesteko lana aitortzea, eta egiten duten lana erabat babestea. 
  • Ertzaintzaren, udaltzaingoen eta ordezkari publikoen kontrako jokaera bortitzak eta mehatxuak bertan behera eskatzeko deia egitea, errespetuan oinarritutako elkarbizitza bermatzeko. 
  • Ertzaintza euskal autogobernuaren adierazgarri eta polizia hurbil eta demokratikoaren eredu dela adieraztea. 

Galdakaoko EH Bilduk aldiz, EAJk mozioa udalaz haratagoko estrategia baten barne aurkeztu duela azpimarratu du: «Uda hasieran izan ziren gertakari batzuei etekin politikoa atera nahian egin du, Galdakaon ez baita halako gertakaririk izan».

EH Bilduren esanetan, «polizia-kidegoen jarduera kritikatzea, haien funtzionamendua zalantzan jartzea edo abusu-gertakariak salatzea ez da bizikidetzaren aurkako erasoa».

«Erakundeekiko errespetuaren bidezko erabileraren mugak gainditzen dituen jarduera oro gaitzesten dugu. Halaber, izaera horretako gertaera puntualak kritika politiko eta sozial legitimoa eta herritarren protesta kriminalizatzeko erabiltzea erabat baztertzen dugu», adierazi du alderdiak, Eusko Jaurlaritzari polizia-eredua berrikusteko hausnarketa eta herri prozesua abiatzeko eskatuz.