Bizkaiko Foru Aldundiak eta Galdakaoko Udalak hitzarmena sinatuko dute Ibaizabalgo bizipista eraikitzeko. Bengoetxe-Erletxeta arteko bidegorria eraikitzeko proiektua eta Bengoetxe-Urbi zatiaren plangintza jasotzen ditu hitzarmenak.
Ibaizabalgo bizikleta-pista eraikitzeko hitzarmena sinatuko dute Galdakaoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, azken honek ezagutzera eman duenez. Pista hau Bizkaiko Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektorialaren 1. lineari dagokio, eta akordioa atzo goizean egindako Gobernu Kontseiluan berretsi zuen Aldundiak.
Bi erakundeen arteko akordioa Ibaizabalgo bizikleta-pista, Galdakaotik igarotzen den tartea, egiteko lehen urratsetan finkatzen da. Zehazki, hitzarmen honek Aldundiaren konpromiso gisa jasotzen du plangintza egitea eta, ondoren, Bengoetxe-Erletxeta bidegorria trazatu eta eraikitzeko proiektuak eta Bengoetxe-Urbi bidegorriaren plangintza idaztea.
Ibaizabalgo bizikleta-pista titulartasun desberdinetako bideguneetatik garatuko da, hau da, foru eta toki mailako ibilbideak tartekatuko dira. Ildo horretatik, «trazadura homogeneoa izan dadin eta proiektua gauzatzeko eraginkortasuna lortzeko», Aldundiak eta Udalak erabaki dute foru saila arduratuko dela deskribatutako jarduketak egiteaz, eta Udalak dagokion zatia ordainduko duela.
Ordaindu beharreko zenbateko hori 185130 eurokoa da, Guturribaitik Bekeara, Urgoiti eta Bengoetxe-Urbi inguruetara, doazen udal-titulartasuneko tarteei dagokiena burutzeko.
Epeei dagokienez, Bengoetxe-Erletxeta bidegorriaren kasuan, plangintza idatzi da jada, eta bidegorriaren trazadura- eta eraikuntza-proiektuak 2026ko maiatzerako idaztea aurreikusten da. Bengoetxe-Urbi tartearen plangintza aldiz, datorren urteko ekainerako prest egongo dela uste du Aldundiak.