Galdakaoko Udalak bere gailu mugikorretarako aplikazioa eguneratu du eta mugikortasunari eta garraio zerbitzuei buruzko informazioa batu du bertan. Besteak beste, aparkalekuen okupazioari, autobusei eta trenei buruzko xehetasunak aurkitu daitezke aplikazioan.
Administrazioa herritarrengana hurbiltzeko helburuz eta udal informazioa eta zerbitzuak zuzenean mugikorretik modu errazean kontsultako, mugikorretarako bere aplikazioa sortu zuen Galdakaoko Udalak.
Aplikazioa doakoa da eta Android eta Apple gailuentzat eskuragai dago. Bertan erabiltzaileek Udalarekin zerikusia duten berriak irakur ditzakete, baita agenda kontsultatu eta kultur jardueretarako sarrerak erosi ere.
Halaber, abisuak eta iradokizunak bidaltzeko, eta udal zerbitzuekin lotutako hainbat tramite egiteko aukera ere ematen du, liburutegiekin edo kiroldegiekin zerikusia dutenak.
Hemendik aurrera ordea, funtzio gehiago izango ditu, Udalak aplikazioa eguneratu ostean. Zehazki, herriko hiru aparkaleku nagusien —Anbulatorioa, Lapurdi eta udaletxea— okupazioa denbora errealean kontsultatzeko aukera ematen du orain aplikazioak, Zuhatzu-Galdakao tren geltokitik igarotzen diren trenetarako itxaron denbora kontsultatzeko aukera eta Galdabusaren bi lineei buruzko informazio zehatza ezagutzekoa, besteak beste.
Hortaz, hauek dira orain aplikazioak eskaintzen dituen aukera guztiak:
- Azken berriak ezagutzea: Udalarekin lotutako eguneroko albisteak, abisuak, deialdiak eta interes publikoko informazioa kontsultatzeko aukera.
- Agenda kontsultatzea: Torrezabaleko ekitaldiak ezagutu eta sarrerak erosteko aukera.
- Hiru aparkaleku nagusien okupazioa denbora errealean kontsultatu: Anbulatorioa, Lapurdi eta Udaletxea. Mapa interaktibo baten bidez, erabiltzaileek bakoitzean zenbat aparkaleku libre dauden ikus dezakete, baita hautatutako parkingera iristeko jarraibide zehatzak jaso ere.
- Herritik pasatzen diren Bizkaibus lineei buruzko informazioa, geltokiak eta autobusak noiz iritsiko diren denbora errealean ikusteko aukera.
- Zuhatzu-Galdakao tren geltokitik igarotzen diren trenetarako itxaron denbora kontsultatu daiteke, bai Bilboko noranzkoan, baita Bermeo, Eibar eta Donostiako noranzkoetan ere. Horrela, herritarrek euren joan-etorriak modu eraginkorragoan antolatu ahal izango dituzte, alferrikako itxaronaldiak saihestuz.
- Galdabusaren bi lineei buruzko informazio zehatza eskaintzen du orain. Erabiltzaileek mapa interaktiboan ikus dezakete geltoki guztien kokapen zehatza eta ibilbide bakoitzaren eguneratutako ordutegiak ere kontsulta ditzakete.
- Botika eta guardiako farmazien kontaktuak, liburutegien eta kiroldegien informazioa eta horietan tramiteak egiteko aukera, eta Galdakaoko taxi geltokien kokapena ezagutu.
- ESAN Herritarren Arretarako Bulegoarekin zuzenean harremanetan jartzeko aukera, zalantzak argitzeko edo informazioa eskatzeko.
- Abisuak eta iradokizunak bidaltzea, baita udal inkestetan parte hartzea ere, herritarren iritzia kontuan hartzeko.
- Udalean egin daitezkeen administrazio tramite guztiei buruzko informazio zehatza kontsultatu, dokumentazioa, epeak eta urratsak adierazita.