Palestinari elkartasuna adierazteko lanuzteak eragina izan dezake Galdakaon

Argazkia: Galdakaoko Udala

Euskal sindikatuek lanuztea deitu dute gaurko, urriak 15, Palestinako herriari elkartasuna adierazteko. Deialdiak Galdakaoko udal zerbitzuetan eragina izan dezakeela adierazi du Udalak.

Palestinako herriari babesa adierazteko eta erakundeei Israelekin dituzten lotura ekonomiko guztiak eten ditzaten aldarrikatzeko, euskal sindikatuek mobilizazio berriak deitu dituzte gaurko, urriak 15.

Zehazki, lanuzte orokorra deitu dute 11:00etatik 15:00etara eta 19:00etatik 22:00etara eta honek Galdakaoko udal zerbitzuetan eragina izan dezakeela adierazi du Udalak.

Galdakaoko Udalean deialdia bi ordutegitan egingo da: 11:00etatik 15:00etara eta 19:00etatik 22:00etara, eta Musika Eskolan egun osoan zehar. «Lanuztearen ordutegietan herritarren arretarako eta funtsezkoak ez diren zenbait zerbitzutan eragin puntualak gerta daitezke», jakinarazi du Udalak.

Eskualdean su eten akordioa iragarri bada ere, deialdiak bere horretan jarraitzen du; izan ere, sindikatuen esanetan, «su-eten batek ez du bi urte hauetako sarraskia ezabatzen». Halaber, «genozidio hori denbora luzez salatzen jarraitu beharra dago eta erantzuleak epaituak izan behar dira», adierazi dute.

Era berean, sindikatuek gizarte mobilizazioa mantentzearen garrantzia azpimarratu dute, «Palestinar herriak hamarkada luzez pairatzen duen kolonizazioarekin behin betiko amaitzeko».