Martxan da honezkero Berbalagun ekimenaren 21. edizioa Galdakaon, herriko euskal hiztunak eta euskara ikasten ari direnak batzeko helburuarekin. Atzo aurkeztu zituzten aurtengo berrikuntzak, eta albiste honetan batu ditugu.
Beste urte batez, Berbalagun ekimena antolatu dute Galdakaon Udalak eta herriko euskaltegiek. Aurtengoa 21. edizioa izango da gure herrian, eta atzo aurkeztu zituzten nondik norakoak Galdakaoko eta Basauriko ordezkariek, izan ere, eskutik aritzen dira Berbalagun programak herri bietan.
Basauriko Bonboi tabernan egin zuten aurkezpena eta bertan izan ziren Edurne Espilla Galdakaoko jarduneko alkatea, Asier Iragorri Basauriko alkatea eta Asier Martín eta Ioritz Lopez de Alda Galdakaoko eta Basauriko Berbalaguneko dinamizatzaileak, hurrenez hurren.
Espillak urtero ekimen hau aurrera eramateko egiten duten ahaleginagatik eskerrak eman zizkien antolatzaileei, «euskararen inguruan dagoen sarea ehuntzeko oso garrantzitsua baita proiektua».
Ildo horretan, Berbalagun egitasmoak «herritar guztiei ateak zabaltzen dizkiela» nabarmendu zuen, baita «ariketa pertsonala eta kolektiboa» dela ere.
Dinamizatzaileen esanetan, ekimenak «aurrerapauso handia eman du azkenaldian» eta ildo honetan, aurten Galdakaon, esaterako, gure ondare kulturala ezagutzeko taldea sortu da, eta txakurrekin irteteko taldea ere sortzea da asmoa, gainera astean behin baino maiztasun handiagoz elkartuko litzatekeena.
Halaber, 2 urtera arteko haurren gurasoentzako taldea ere egitea aurreikusten dela iragarri zuten, «giro lasaiagoan, zaratatik eta zurrunbiloetatik urrun, elkartzeko; parkeetan adibidez».
Taldeetan zein ekintzetan izena emateko, 607 146 855 telefonora deitu edo galdakao_berba@aek.eus helbidera idatzi daiteke. Horrez gain, interesa dutenek Berbalagun proiektua gertuagotik ezagutu dezakete Berbalagunen blogean edo hurrengo jardueren bidez:
Urriak 26, domeka
09:00 Belatxikietara irteera, Basauriko Udaletxe aurrean
Urriak 30, eguena
10:00 Mintzodromoa Basaurin (Solabarrieta plazan)
Azaroak 4, martitzena
18:30 Berbalagun aurkezpen jaia Galdakaoko Ganguren tabernan
Azaroak 8, zapatua
10:00 Ondare taldearen lehenengo txangoa, Elexaldeko Guzur Aretxa plazatik abiatuta
Azaroak 13, eguena
18:30 Berbalagun aurkezpen jaia Basauriko Bonboi tabernan
Abenduak 4, eguena
10:30 Mintzodromoa Galdakaoko Kurtzeko frontoian
Abenduak 12, barikua
19:00 Baskot Gaua Basauriko San Jose ikastetxean
Abenduak 14, domeka
10:00 Basauri ezagutu, udaletxetik abiatuta
Abenduak 19, barikua
17:15 Gurasolagun lehen hitzordua, Galdakaoko AEKn
Programa doakoa da eta euskaraz elkarrizketa bat mantentzeko kapaz diren pertsona guztiei irekita dago, izan ere, hizkuntza modu naturalean praktikatzeko aukera sustatzea du helburu, familiatik hasita, lagunartea edo lan ingurunea barne hartuz.