Jose Mari Argoitia galdakoztarra hil da, Athleticeko jokalari ohia

Argazkia: Athletic Club.

Jose Mari Argoitia futbolari ohi galdakoztarra zendu zen barikuan, urriak 24, 85 urterekin. Athletic Cluben jokatu zuen 12 denboralditan zehar eta Errege Kopa irabazi zuen 1969an.

Athletic Clubek jakinarazi zuenez, Jose Mari Argoitia futbolari ohi galdakoztarra barikuan, urriak 24, hil zen 85 urterekin.

Argoitia Basconian aritu zen Athletic Cluben harrobian eta ondoren lehen taldeko aurrelaria izan zen. Guztira 12 denboraldi jokatu zituen zurigorriz jantzita— 308 partida— eta 69 gol sartu zituen.

Galdakoztarrak Errege Kopako hiru final lehiatu zituen Athleticekin eta bat irabazi: Elcheren kontra 1969an. Hain zuzen, Argoitiak eman zion Anton Arietari partida irabazteko golaren asistentzia.

Futbola utzi ondoren, entrenatzailea izan zen ere Lezaman, eta Koldo Agirrerekin batera Athleticen peñetako enbaxadorea.

«Athleticekiko leialtasun handia izan zuen. Bere familiak bere oparia jaso zuen atzo, hil bezperan, elkarteko bazkide gisa 75 urte baino gehiago betetzeagatik», adierazi zuen Athletic Clubek.