Haurren Kontseiluak proposamen berriekin ekin dio ikasturteari

Argazkia: Galdakaoko Udala.

Galdakaoko bosgarren Haurren Kontseilua martitzenean hasi zen lanean eta Edurne Espilla jarduneko alkatearekin batu ziren ikasleak udaletxeko pleno aretoan. Bertan, herria hobetzeko proposamenak egin zituzten gaztetxoek.

Eratu da honezkero aurtengo Haurren Kontseilua eta lanean hasi dira talde hau osatzen duten Lehen Hezkuntzako 4. eta .5 mailako 25 neska-mutilak.

Martitzenean udaletxeko plenoan izan ziren Edurne Espilla alkateordearekin, bera dabilelako alkate lanetan Iñigo Hernandoren aitatasun baimenean zehar.

Udaletxeko sarreran egindako hizketa txikiaren ondoren, jarduneko alkateak eraikineko txoko guztiak erakutsi zizkien, udal langileak aurkeztu, arlo bakoitzaren funtzioak azaldu, eta abar. Hernandoren bulegoa bera ere erakutsi zien, haurren jakin-mina eta ilusioa piztuz.

Ondoren, areto nagusira abiatu ziren ikasleak. Bertan, Espillak Udal Osoko Bilkuraren funtzionamendua azaldu zien eta gazteek lehen eskutik ezagutu ahal izan zuten leku bakoitzean nor esertzen den, nola hautatzen diren ordezkariak, akordio eta bozketa prozedurak, eta Gobernu Taldea nola osatzen den, besteak beste.

Aretoan zeudela aprobetxatuz, eta bilera amaitzeko, Espillak hiru lan jarri zizkien gazteei, guztien artean landu ditzaten: datozen inauterietarako ekintzak proposatzea, gazteentzako sukaldaritza ikastaroak ideiatzea, eta igerilekuan liburutegi bat sortzeko proposamena lantzea. Proposamen horiek Kontseiluko kide guztien artean eztabaidatu eta adostu beharko dituzte hurrengo bileretan, eta Udalak kontuan izango ditu.

Galdakaoko Haurren Kontseilua udal parte hartzerako organo dinamiko bat da, «herriaren hobekuntza prozesuan gazteek duten ikuspegia txertatzea helburu duena». Orain arte, Kontseiluak 57 proposamen aurkeztu ditu guztira. Horietatik 11 onartu dira eta bat ebaluazio fasean dago.