Galdakaoko bilketa pneumatikoko langileek soldata %40 igotzeko akordioa lortu dute

Argazkia: ELA sindikatua.

Galdakaoko, Barakaldoko eta Laudioko hondakinen bilketa pneumatikoko langileek grebari amaiera eman diote, euren baldintzak hobetzeko akordioa lortu ostean. Soldata %40 igotzea adostu dute enpresarekin, besteak beste.

Zortzi hilabeteko greba mugagabeari amaiera eman diote Galdakao, Barakaldo eta Laudioko hondakinen bilketa pneumatikoko langileek, Envac Iberia enpresarekin akordio batera heldu ostean.

ELA sindikatuak ezagutzera eman duenez, enpresako 16 langileei soldata %40 igotzea adostu dute, beste eduki batzuetan artean.

Zehazki, baldintzetan hobekuntza guzti hauek lortu dituzte langileek akordio honekin:

  • Lau urteko indarraldian (2024-2026), %40rainoko igoera eskala txikienetarako (gehienak): lau urtean 530 euroko plus finko eta xurgaezina kobratzera iritsiko da plantilla osoarentzat.
  • Urteko lanaldia 200 ordu murriztea lau urtean. 1.789 orduko jardunaldia izatetik 1.591 ordu izatera.
  • Txanda-kontraturako eskubidea bermatzen da.
  • Lan-erreformaren aurkako klausulak onartu dira.
  • 100 euro eguneko hoditerian sartzeagatik.
  • Jaiegunetan eta igandeetan lan egindako orduaren prezioa bikoiztu egiten da.
  • Ordainpeko zortzi ordu urtean batzarretarako.
  • Norberaren gauzetarako egun bat, ordaindua.
  • Lanpostu hutsen akordio bat, lanpostu hutsen bat dagoenean enpresak plantillari lanaldi partzialean daudenei eta aldi baterako kontratuak dituztenei eskaintzeko betebeharra izan dezan.

ELAk aldarrikatu du «akordioa posible izan dela antolaketa eta borroka sindikalari esker, zortzi hilabeteko greba mugagabearen bidez, non sindikatuaren erresistentzia kutxa funtsezkoa izan den hilabete guzti horietan grebari eutsi ahal izateko».