Bono Denda kanpainaren edizio berria antolatu dute Galdakaon eta gaur 09:00etatik aurrera salgai daude bonuak 10 euro ordainduta 15 euroko balioan. Hemen batu ditugu bonuak erosteko ordutegiak eta baldintzak.
Gu Dendari Elkarteak eta Galdakaoko Udalak Bono Denda kanpainaren edizio berria antolatu dute, «herriko merkataritza eta zerbitzu sarearen sendotzearen aldeko apustuan».
Kanpaina gaur, urriak 3, hasiko da eta hilaren 24ra arte eskuratu ahal izango dira bonuak 10 euro ordainduta 15 euroko balioan. Guztira 10.000 bono jaulkiko dira eta hauekin herritarrek 5 euroko deskontu zuzena izango dute.
Pertsona bakoitzak gehienez lau bonu eskuratu ahal izango ditu, eta gehienez zortzi erabili ahal izango dira erosketa bakoitzeko.
65 urtetik gorako pertsonek bonuak aurrez aurre erosi ahal izango dituzte, Gu Dendariren bulegoan, gaurtik aurrera, 09:00ak eta 14:00ak artean, bonuak agortu arte. Gainera, adin bereko beste pertsona baten bonuak ere eros ditzakete, bi NANak aurkeztuta.
Gainerako herritarrek aldiz, webgunearen bidez erosi ahal izango dituzte, egun eta ordutegi berean hasita. Webgunean bertan kanpainan parte hartzen duten establezimenduen zerrenda eta baldintza orokorrak ezagutu ahal izango dira. Horien artean, bonuak behin bakarrik erabili ahal izango direla eta ez direla diruz trukagarriak.
Halaber, ez dira onartuko hondatuta edo epez kanpo entregatutako bonuak, eta produkturen bat itzultzen bada, establezimenduak erosketaren zenbateko beraren balioa duen txartela emango du dirua bueltatu beharrean.
Kanpaina berezi honen bidez, Udalak «bertako merkatariei lagundu eta gertuko kontsumo arduratsua sustatu nahi du, Galdakaoko ekonomia sendotuz eta auzokideen eta merkatarien arteko lotura indartuz».





