Eguen honetatik domekara bitarte, Bizkaiko Jardunaldi Mikologikoen 57. edizioa antolatuko du Peña Santa Cruzek Galdakaon. Hemen batu dugu aurtengo edizioaren egitarau osoa.
Aurten ere Bizkaiko Jardunaldi Mikologikoak antolatuko ditu Peña Santa Cruzek Galdakaon. 57. edizioa izango da eta zenbait ekintza hartuko ditu, atzo aurkezpenean azaldu zuten moduan.
Peña Santa Cruzen egin zuten aurkezpena eta bertan izan ziren Edurne Espilla jarduneko alkatea, Toño Gonzalez Ingurumen zinegotzia, Javier Bilbao Peña Santa Cruzeko presidentea eta Alfonso Requero elkarteko mikologia arloko arduraduna.
«Harrotasun handia sentitzen dugu herri bizi bat dugula esatean. Elkarte sare zabal bat dugu Galdakaon, etengabe jakintza eta aisialdia eskaintzen ari dena eta horren adibide da Peña Santa Cruz», azaldu du Espillak, Galdakaok eta mikologiak duten lotura azpimarratuz.
Gonzalezek Peña Santa Cruzek egiten duen dibulgazio lana eskertu du, «mikologiarekiko eta naturarekiko pasioa zabalduz adin guztietako jendeari».
Hain zuzen, mikologia herritarrei hurbiltzeko asmoz, egitarau zabala antolatu du elkarteak Bizkaiko Jardunaldi Mikologikoen 57. ediziorako:
Azaroak 6, eguena
19:00 Sukaldaritza erakustaldia, Torrezabalen: Josemi Olazabalaga, Baltazar Leiro eta Jose Luis Redondo
Azaroak 8, zapatua
08:30 Mendira txangoa Galdakaoko ikasleekin (lekua zehazteke)
Azaroak 9, domeka
10:00 Argazki erakusketa, Gandasegiko arkupeetan
10:00 Perretxiko erakusketa, Kurtzeko plazan
11:00 Lehiaketa gastronomikoa Gandasegin*
* Izen-ematea doakoa da eta lehiaketa egunera arte egin daiteke Peña Santa Cruzen egoitzan edo honako telefono zenbakietara deituz: 637551588 edo 656756131. Sari banaketa domekan bertan izango da, 13:30ean.
Peña Santa Cruzek honako elkarte hauen laguntzarekin antolatu du Bizkaiko Jardunaldi Mikologikoen 57. edizioa: Galdakaoko Udala, Barrengorri Perretxiko Elkartea, Fungipedia Perretxiko Elkartea, Andra Mari Dantza Taldea, Adiskide Pilota Elkartea eta BBK Fundazioa.





