Hasi dira honezkero Zuhatzu eta N-634 errepidea lotuko dituen zubi berriaren instalazio lanak. Azpiegitura 2026ko urtearen hasiera aldera egongo da zabalik.
Martitzenean hasi ziren Zuhatzu eta N-634 errepidea konektatuko dituen zubi berria instalatzeko lana. Egituraren muntaketa aste batez luzatuko da, eta gero urbanizazio lanak hasiko dira.
Horiek otsailerarte luzatzea aurreikusten da, beraz, «azpiegitura 2026ko urtearen hasiera aldera egongo da zabalik», adierazi du Udalak.
Zubia eremu horretako mugikortasuna hobetzeko funtsezko elementua izango da. Pasabideak bi noranzkoetan izango ditu erreiak, baita oinezkoentzako espaloi zabalak erealde bietan. Horrek bai ibilgailuen zirkulazioa, bai oinezkoen joan etorriak erraztuko ditu, segurtasuna eta erosotasuna bermatuz.
Azpiegitura berri honen eraikuntza Txomin Egileor kalearen berrantolaketarekin bat dator. Horiek amaitzean, kaleak noranzko bakarreko zirkulazioa izango du.
Beraz, zubi berriak «Txomin Egileorren izaten diren trafiko pilaketak arinduko ditu eta mugikortasunaren fluxua hobetuko du, Zuhatzurantz eta handik Galdakao zein Bilborantz egiten diren ibilbideak erraztuz».
Proiektu hau Txomin Egileor eta bere ingurunea berritu, lasaitu eta modernizatzeko prozesuaren barne dago, eta trafikoaren fluxua eta segurtasuna, eta oinezkoen mugikortasuna hobetzea ekarriko du.




