Agertokietara itzultzeko prest dagoela iragarri du Biok metal taldeak bere sare sozialen bidez. Gernikan 2014an eskainitako azken kontzertu hartatik baina, entseguak egiteari inoiz utzi ez diotela azaldu dio BINKEri Ibon Negreira abeslariak. Berarekin hitz egin dugu!
Hamar urte pasatxoko isilunearen ostean, oholtzetako ikuskizunetara itzuliko da Biok metalcore musika taldea. Hala iragarri zuen taldeak berak eguen honetan bere sare sozialen bidez: «Bueltan gara!». Beste ezer iragarri gabe, eta BINKEk Ibon Negreira abeslariarekin hitz egin du itzulera horren inguruko xehetasun gehiago jasotzeko asmoz.
Taldea Galdakaon sortu zen 1999. urtean, baina usansolotartzat daukate beraien burua, «taldekide batzuk usansolotarrak izateaz gain, oso ondo hartu izan gaituelako beti herriak; entsegu lokala be Usansolon daukagu», azaldu dio abeslariak hedabide honi.
Entseguak aipatuta, taldea inoiz ez dutela utzi azaldu du Negreirak: «Gure azken kontzertua 2014an eskaini genduan, Gernikako Astran, baina geroztik inoiz ez deutsagu entseatzeari utzi». Horregatik, taldea zuzenekoetara itzuliko dela iragarri behar da, baina moldaketa batzuekin. Moldaketa horiek kideei erreparatuta aipatu behar dira.
Orain hamar urte, taldekide gehienek seme-alabak izan zituzten, eta horregatik kontzertuak eskaintzeari uztea erabaki zuten. Bide horretan, Imanol Landa bateria-jotzaileak eta Julen Gomez baxu-jotzaileak taldea utzi zuten, eta urtebete inguru da ordezko berriekin ari direla: Oier Cachok hartu du baterian ordezkoa eta aurrerantzean Luis Baranda arituko da baxuan. Beraiekin batera aspaldiko lagunak arituko dira: Ibon Negreira ahotsean, Unai Garcia gitarretan eta Aitor Simarro gitarra eta ahotsetan.
Horrela ba, eta momentuz diska berria kaleratzea «aurrerago» aztertuko badute ere, Biok taldea prest dago agertokietara berriz igo eta bere doinu gogor zein izaera handikoak jendaurrean gozarazteko. «Argitaratutako hiru diskoetako kantuen errepertorioa prestatzen gabiz», azaldu du taldeko ahotsak, eta horiek taula gainean defendatzeko gogotsu agertu da taldekidea.
Metal munduan talde ezaguna izan zen Biok, urtero hamaika kontzertu eskaintzen zituena. Horien artean nabarmentzekoak dira Bilbao BBK Live, Lanzadera Sur eta Festimad jaialdietan eskainitakoak, edo 2009an Galdakaoko Ibilaldiarentzat sortutako kantua eta 2002an irabazitako Euskadi Gazteako 12. Maketa Lehiatekaren ‘Entzuleen saria’, esaterako.




