Metroaren 30. urteurrena ospatzeko hainbat ekintza antolatu dituzte hurrengo egunetarako eta bihar goizean ekitaldi berezia egingo dute Moyua plazan. Bertan Usansoloko erdigunean geltokia aldarrikatzera deitu du Geltokia Erdigunean plataformak.
Aurten 30 urte bete dira Metroa martxan jarri zenetik eta urteurrena ospatzeko hainbat ekintza antolatu dituzte egun hauetarako.
Ospakizunak bihar, azaroak 11, hasiko dira, eta txokolatinak eta gominolak banatuko dituzte geltokietan.
Bestalde, 11:00etan Moyuako geltokian— lehen konboi hura abiatu zen ordu eta leku berean— bi abesbatza arituko dira Metroa omentzeko.
Azken ekitaldi honetara joateko deia egin du Geltokia Erdigunean plataformak, «Usansoloko erdigunean Metro geltokia aldarrikatzeko». «Usansolo zerbitzutik kanpo geratu denez, hain egun berezian bertaratu beharra dugu», nabarmendu du plataformak.
Moyua plazan 10:30ean egoteko deia egin du taldeak, eta Usansolotik 10:00etan abiatuko dira trenez.




