Amak idatzi zion gutun eder batetik abiatuta, Telmo Iruretak ‘Urez eta hondarrez’ izeneko film laburra zuzendu eta ekoitzi du. Barikuan Torrezabal Kultur Etxean proiektatuko da, eta ostean Iruretak elkarrizketa eskainiko du.
Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxeak saio berezia hartuko du barikuan, azaroak 14, 20:00etan Telmo Iruretaren eskutik. Aretoak artistak zuzendu eta ekoitzitako ‘Urez eta hondarrez’ izeneko film laburraren proiekzioa hartuko du.
Ostean, elkarrizketa eskainiko dio Dorleta Urretabizkaiari, «esan gabe geratu zitzaizkion gauza horiek guztiak konta diezazkigun, baita prozesua nolakoa izan den eta zer zailtasun eta poz ekarri dizkion ere».
‘Urez eta hondarrez’ film laburrean sufritzen duen Garuneko paralisiaz hitz egin du Iruretak, nola eta noiz etorri zitzaion, familiak nola hartu zuen, eta berak nola egokitu behar izan duen inork imajinatzen ez zuen «beste bizitza» horretara.
Saiorako sarrerak eskuragai daude ohiko webgunean eta Torrezabaleko lehiatilan 6 eta 8 euro arteko prezioan.




