Irakurketa bultzatzeko helburuz, liburuak aztertzeko saioak antolatzen ditu Galdakaoko Leidu Irakurketa Taldeak. Bihar, azaroak 17, Laura Mintegiren ‘Akabo’ liburua izango dute aztergai, Peña Santa Cruzen antolatuko duten saioan.
Galdakaoko Leidu Irakurketa Taldeak hainbat motatako liburuen inguruko nondik norakoak elkarbanatzeko saioak antolatzen ditu hilero.
Bihar, azaroak 17, Laura Mintegiren ‘Akabo’ liburua izango du aztergai, 18:30ean Peña Santa Cruzen antolatuko duen saioan.
Parte-hartzera animatu du taldeak, eta horretarako ondoko testutxoa bidali dio BINKEri liburuaren inguruan:
«Azaroa hotz, negua motz; azaroa bero, negua gero. Ez gara eguraldi igarleak; bai , ordea, gustuko izango duzuen nobela baten berriemaileak.
Ia hogei urte nobelarik argitaratu barik egon ostean, ‘Akabo’ nobelarekin itzuli da Laura Mintegi literaturara.
Mintegik hilketa batekin hasten du bere nobela: Sheenak, protagonistak, Manu hil du eta izozkailuan gorde du bere gorpua. Urte biko harremanaren ostean, ezin gehiago jasan, eta, azkenerako, egin behar izan du.
Hizkuntzalaria da Sheena eta ingeniari informatikoa Manu. Oxfordeko unibertsitatean elkar ezagutu zuten. Bikote harreman baten bilakaera ardatz hartuta, maitasunaz, identitateez eta traizioaz arituko zaizkigu pertsonaiak. Oxford, Bartzelona eta Euskal Herrian barrena eramango gaituzte iragana eta oraina tartekatuz atal alternoetan, elkar ezagutu zuten unetik muturreko egoerara heldu arte.
Mintegiren esanetan, hilketa aitzakia da harremanetan sakontzeko: bikotean, familia kideen artean, arlo profesionalean… Jackes Lacan psikiatraren esaldi bat izan du makulu eleberri osoan: «Maitasuna urrunegi doanean bere buruarekiko traizioan eta bere buruaren engainuan irauten duenean, maitasunak ez dio gehiago jarraitzen». Horregatik, traizioak bere biziko garrantzia du nobelan.
Irakurtzen harrapa gaitzala udagoienaren epelak».




