Galdakaoko udalbatzak 2026ko aurrekontua onartu du, oposizioaren kontrako botoekin

Argazkia: Galdakaoko Udala

Datorren urteko aurrekontua 47,6 milioi eurokoa izatea onartu zuen atzo Galdakaoko udalbatzak, ez ohiko osoko bilkuran. Gobernuko taldeek alde bozkatu zuten eta oposizioak aldiz —EAJ-PNV eta PSE-EE— kontra. Ezagutu alderdi bakoitzaren aldarrikapenak albiste honetan.

Galdakaoko Udal Gobernuak atzo goizean aurkeztu zuen 2026ko aurrekontu proposamena, 47,6 milioi eurokoa. BINKEk jaso zuen moduan, zerbitzuei eman die lehentasuna Udalak, eta zenbait inbertsio garrantzitsu egingo ditu, hala nola, Emakumeen Etxea edo haurreskola berria Urretan.

Publikoki ezagutzera eman eta gero, ez ohiko osoko bilkuran aurkeztu zuen Udal Gobernuak proposamena eta udalbatzak aurrekontua onartu zuen, gobernuko taldeen —EH Bildu, Auzoak eta Usansolo Herria— aldeko botoekin, eta oposizioaren —EAJ-PNV eta PSE-EE— kontrakoekin.

EAJ-PNVk ez zuen emendakinik aurkeztu, baina adierazi zuen «ezin ditugula iazko aurrekontuak gutxietsi dituen gobernuaren aurrekontu berriak babestu. Galdakaok bere hitza betetzen duen eta galdakoztarrak errespetatzen dituen gobernua merezi du».

«Ezezkoa funtsezko arrazoi batean oinarritzen da: egungo gobernu-taldearekiko erabateko konfiantza galtzean. Sinatutako akordioak ez dira bete eta inprobisazioa, gardentasun falta eta eztabaida demokratikoarekiko mespretxua protagonista izan dira kontuen kudeaketa ekonomikoari dagokionez», adierazi zuten jeltzaleek.

PSE-EEk aldiz, zortzi emendakin aurkeztu zituen —onartu ez zirenak— milioi bat euro ingurukoak, «ekipamenduak, zerbitzuak eta azpiegiturak hobetzeko, auzoetako bizimodua errazteko eta trantsizio ekologikoa bultzatzeko».

Talde sozialistak duela aste batzuk aurreratu zuen Udal Gobernuak 2025eko konpromisoak bete behar zituela 2026ko aurrekontuak negoziatu edo adostu ahal izateko. «Gobernuaren eta oposizioaren artean lortutako konpromiso eta akordio gehienak ez dira bete aurten», adierazi zuen Victor Trimiño taldearen bozeramaileak.

EH Bilduk bere aldetik, oposizioak aurrekontuan ekarpenak egiteko erakutsitako borondate falta «deigarria» izan dela nabarmendu du. Alderdiak azaldu duenez, urriaren 24an jakiniarazi zieten oposizioko taldeei «proposamenak jasotzeko prest geundela —oraindik zirriborroa osatu gabe zegoenean, ekarpenak errazago txertatzeko moduan— eta horretarako bi aste eman genizkien».

Epea amaituta, ez zuten proposamenik jaso eta ondoren, bi alderdiekin partekatu zuten aurrekontuaren zirriborroa. Berriro ere ekarpenak egiteko aukera zabaldu zuten eta ez zuten ezer jaso emandako epe berrian.

«PSE-EEk, emendakinak aurkezteari ekin beharrean, prentsara jotzea erabaki zuen, marketing edo propaganda ariketa gisa; gainera, emendakinak epez kanpo aurkeztu zituen. EAJ alderdiak, ez du emendakinik aurkezteko saiakera ere ez egin», adierazi du Galdakaoko EH Bilduk.

situs togel

situs toto