Datorren urteko aurrekontua aurkeztu zuen pasa den astean Galdakaoko Udalak, 47,6 milioi eurokoa. Bertan jaso zuenez, 1,6 milioi euro bideratuko ditu Emakumeen Etxea sortzera eta 2026an hasiko dira obrak.
Galdakaoko Udal Gobernuak pasa den astean aurkeztu zuen 2026ko aurrekontu proposamena, 47,6 milioi eurokoa. Udalbatzak aurkezpenaren egunean bertan onartu zuen kopurua, oposizioak kontra bozkatu arren.
BINKEk jaso zuen moduan, lau eremutan banatuko da aurrekontuaren kopuru osoa: zerbitzuak (%54), giza baliabideak (%29), inbertsioak (%10) eta dirulaguntzak (%7).
Hortaz, zerbitzuek izango dute lehentasuna aurreko urteetan bezala eta inbertsioei dagokienez, Emakumeen Etxearen proiektua nabarmendu zuten Udaleko ordezkariek.
«Datorren urtean hasiko dira obrak eta 1,6 milioi euro bideratuko ditugu horretarako. Prozesu luzea izan da proiektua martxan jarri zenetik, emakumeek euren etxea nola izango den erabakitzea nahi izan dugulako», azaldu zuen Edurne Espilla jarduneko alkateak.
Duela bi urte aurkeztu zuten Udalak eta herriko talde feministek Galdakaoko Emakumeen Etxearen aurreproiektua. «Feminista, ahalduntzea bultzatzen duena, intersekzionala eta mota guztietako emakumeak hartzen dituena» izan behar dela azpimarratu zuten orduan eta ildo honetatik lan egiten jarraitu dute ordutik.




